BALDINTZAZKO PERPAUSEN EGITURAPDF fitxategia Nola eratu baldintzazkoak

Baldintzazko perpausek bi zati dituzte: baldintza (BA- marka daramana) eta ondorioa.

BALDINTZA MOTAK

Hiru baldintza mota bereizten dira euskaraz:

1.- Ez-alegiazko baldintza (erreala). Oso posible da baldintza gertatzea eta, hortaz, baita ondorioa ere:

1. Egoera: Zerua begiratuz gero, hodei beltzak ikusten ditugu.

Euria egiten badu, blai eginda helduko gara etxera.

2. Egoera: Ana oso ikasle argia da. Normalean langilea da baina azken aste honetan ez du behar beste lan egin.

Saiatzen bada, Anek ikasketak amaitzea lortuko du.

-TZEN + BA- + ORAINALDIA + , + -KO + ORAINALDIA

2.- Orain-geroaldia (hipotetikoa). Baldintza nekez bete daiteke; hortaz, ondorioa ere nekez gertatuko da.

3. Egoera: Zerua begiratzen badugu, oskarbi dago.

Euria egingo balu, blai eginda helduko ginateke etxera.

4. Egoera: Ana oso ikasle argia da, baina baita oso alferra ere; ez du piperrik jotzen.

Saiatuko balitz, Anek ikasketak amaitzea lortuko luke.

-KO + BALDINTZA + , + -KO + ONDORIO ORAINALDIA

3.- Iraganekoa (irreala). Baldintza iraganean gertatu ez den egoera hipotetiko bat da eta, hortaz, ondorioa ere ez da gertatu.

5. Egoera: Atzoko kontuaz ari da; atzo ez zuen euririk egin.

Euria egin (izan) balu, blai eginda helduko ginatekeen etxera.

Euria egin (izan) balu, blai eginda helduko ginen etxera.

6. Egoera: Ana oso ikasle argia da, baina baita oso alferra ere; ez zuen piperrik jo eta, beraz, suspenditu egin du.

Saiatu (izan) balitz, Anek ikasketak amaitzea lortuko zukeen.

Saiatu (izan) balitz, Anek ikasketak amaitzea lortuko zuen.

(IZAN)+ BALDINTZA + , + -KO + ONDORIO IRAGANA

(IZAN)+ BALDINTZA + , + -KO + IRAGANA