1814ean bakea sinatu zutenean espainiarrek eta frantziarrek, Napoleonek Fernandori koroa itzuli zion. Espainiar guztiek Fernando itzultzea nahi zuten, eta hortik datorkio bere goitizena, Fernando VII.a “Desiratua”.
Bere
itzuleran bi taldeek egin nahi izan zioten harrera. Valentzian absolutistak eta
liberalak Bartzelonan. Absolutistak aurreko egoerara itzuli nahi zuten, hau da
errege absolutua eta pribilegiatuak ongi bizitzea. Ez zuten nahi gerra garaian
gertatu zen iraultza aurrera jarraitzea. Liberalek aldiz konstituzioak aurrera
jarraitzea nahi zuten. Fernando VII.ak bi taldeei baietza eman zien, hau da,
absolutistei tradiziora bueltatuko zirela eta liberalei konstituzioa zin egingo
zuela.
Liberalek
Bartzelonan besta bat antolatu zuten Fernandoren itzulera ospatzeko. Liberalek
konstituzioa eta egin ziren beste legeak erakutsi behar zizkioten. Baina
Fernando Valentziara joan zen, bertan absolutistak zeudelako. Absolutistek
“Pertsiarren Manifestua” aurkeztu zioten. Manifestu honetan, Pertsiako
historian gertatu zena kontatzen zen, Espainiaren egoerara moldatua. Pertsian
erregea hiltzen zenean, egun batzuk errege eta legerik gabe uzten ziren. Gehiegikeri
asko gertatzen ziren egun horietan, eta errege berria etortzea nahi izaten zuen
herriak. Errege berriari fideltasuna zioten, nahiz eta erregeak oso gogor
tratatu herria. Absolutistek erran zuten Espainian gauza berdina gertatu zela.
Sei urtez erregerik gabe egon zirela eta gehiegikeriak gertatu zirela,
adibidez, konstituzioa. Horrela ba, absolutistek sei urte horietan gertatutakoa
ahantzi nahi izan zuten, eta aurreko egoerara, absolutismora bueltatzeko ordua
zela adierazi zioten Fernando VII.ari.
Fernandok
Cadiz-eko Konstituzioa desegin zuen eta baita ere Cadiz-en onartu ziren beste
legeak. Honenbestez, inkisizioa, jaurgoen eskubideak eta gremioak martxan jarri
ziren berriz ere.
1814-1820ko
tartea absolutista izan zen. Liberalismoa desegiten saiatu ziren. Aurreko
urtetan gertatu zen guztia deuseztatu nahi zen eta absolutismora bueltatu
ziren. Konstituzioa debekatu zen, eta hemendik aurrera “la Pepa” deitu zioten.
Ez zen emakume baten izena, liberalek konstituzioari deitzen zioten modu berria
baizik, ezin baitzen konstituzio hitza erabili. Liberalak, liberal izaten
jarraitu zuten, nahiz eta ezin erran horrela zirenik.
Urte
absolutista hauetan altxamenduak gertatu ziren urtero. Gehienetan
pronuntziamenduak izan ziren, hau da, militar batek herriaren desadostasuna
aprobetxatuz, boterea eskuratzen saiatzea, gaur eguneko estatu kolpearen
antzekoa. Lehenengo altxamendua Nafarroan izan zen. Urtero militar desberdinak
altxatu ziren, sei urtez horrela aritu zirelarik.
1820an,
hiru urte liberalak hasi ziren, Riego teniente-koronelaren altxamenduarekin.
Riegok Fernando VII.aren konfiantza osoa zeukan, eta Espainiako armadaren buru
izendatu zuen. Garai horretan Amerikako koloniak independizatzen ari ziren.
Fernandok armada indartsu bat bidali behar zuen Riegoren agindupean, Amerikan
gero eta altxamendu gehiago gertatzen ari baitziren. Riego liberala zen, eta
egoera aprobetxatuz (bera zen armada gidatzen zuena) pronuntziamendu bat
antolatu zuen Fernando VII.a errege absolutistaren kontra. Fernandok, azkenean
Cadiz-eko Konstituzioa onartu behar izan zuen bere burua salbatzeko. Berriz
ere, eta konstituzioarekin batera, Cadiz-eko legeak martxan jarri ziren:
inkisizioa, gremioak eta jaurgoen eskubideak desegin ziren.
Liberalak,
nahiz eta asko ez izan, bitan banaturik zeuden. Alde batetik moderatuak zeuden,
eta gustura geratu ziren lortutakoarekin: konstituzioa ezin zen hobetu, beraz
ez zituzten aldaketa gehiagorik egin nahi. Bestaldetik asaldatuak, “exaltados”,
zeuden. Hauek, konstituzioa nahiko ez zela eta aurrerago joan nahi zuten
oraindik. Berdintasuna eta askatasuna gizartera eraman nahi zuten. Liberalak bi
taldetan egoteak liberalismoa ahuldu zuen.
Garai
honetan prentsaren eragina nabaritzen hasi zen. Espainian ia inork ez zekien
irakurtzen, eta hala ere prentsa indar handiagoa hartzen ari zen. Kafetegietan
askotan biltzen ziren politikaz hitz egin nahi zutenek, eta beti norbait bazen
irakurtzen zekiena. Orduan ideia liberalak zabaltzen ziren, eta Klub (horrela
deitzen zitzaien) hauetatik ateratzen zirenean, oso pozik ateratzen ziren eta
iskanbilak sortzen zituzten.
Fernando
VII.ak bere dirua erabili zuen gobernuaren kontra. Bere boterea berreskuratu
nahi zuen eta Espainia estatu absolutista bihurtu. Jendea ordaintzen zuen
konstituzioaren kontra jartzeko.
1822an
Seo de Urgelen errege ordetza sortu zen, ikusten zelako erregeak bere lana
betetzen ez zuela. Fernandok ez zuen behin ere errege ordetza onartu, ez
baitzuen uste laguntzeko sortu zenik, berari postua kentzeko baizik. Fernando
preso egon zen bitartean errege ordetzak bere lana burutu zuen.
Fernandok
bere burua mugatua ikusi zuenean, Aliantza Santuari laguntza eskatu zion,
aliantzak Espainiako erregea, Fernando salba zezan (errestaurazio garaian
zegoen Europa). Ondorioz, San Luisen ehun mila semeak Espainian sartu
ziren. Armada honek Espainia iparretik hegora gurutzatu zuen Cadiz-en Fernando
askatu arte. Bidean, aurkitu zituen liberal guztiak garbitu zituzten. Fernandok
botere guztia berreskuratu zuen.
Hemen
hasten da Fernando VII.aren erregealdiaren azken fasea. Hamar urte absolutistak
edo lotsagarriak bezala ezagutzen dira. Konstituzioa kendu zuen eta gremioak
eta jaurgoen eskubideak martxan jarri zituen. Inkisizioa ez zuen indarrean
jarri, eta honek absolutisten gorrotoa ekarri zuen, nolabaiteko pentsamendu askatasuna
ekartzen zuelako.
1827tik
aurrera Fernando absolutismotik aldentzen hasi zen. 1826ra arte errepresio
handia egon zen eta Europako gainerako estatuek Fernandori horren absolutista
ez izateko erran zioten. Fernando moderatuagoa bihurtu zen, baina ez zen
liberalismora hurbildu. Absolutista garbien protestak ekarri zituen honek.
Katalunian nekazariak altxatu ziren absolutismo garbia nahi zutelako
(Malcontents). Katalanak liberalismoaren kontra zeuden. Karlos, Fernandoren
anaia hartu zuten Fernandoren kontra jartzeko, katalanentzat Fernando ez
baitzen baliozkoa, aldiz bere anaia Karlos bai.
Fernando
lau aldiz ezkondu zen. Lehenengo hiru emazteak hil zitzaizkion eta hauekin ez
zuen seme-alabarik izan. Seme bat behar zuen eta bere lehengusina gazte batekin
ezkondu zen. Elkarketa honetatik 1830ean Isabel jaio zen. Baina Isabel ezin zen
erregina izan, Felipe V.ak, lehenengo borboidarrak, emakumeak erregina ezin
zirela izan erran zuelako (lege salikoa). Absolutistei ongi zetorkien Fernandok
alaba bat izateak, honek tronua bere anaia Karlosi uzten ziolako. Fernandok
bere alaba erregina izatea nahi zuen, eta orduan lege salikoa kendu zuen,
horrela bere alaba izanen zelarik bere oinordekoa.
Ameriketan
independentzia martxan jartzeko arrazoi batzuk egon ziren. Lehenengoa kreolek
pasatu zuten bazterketa izan zen. Ameriketan mailaketa sozial garbi bat zegoen.
Lehenengo Espainiatik eramandako funtzionarioak zeuden, gero espainiarren
seme-alabak (kreolak), gero mestizoak eta azkenik beltzak eta bertakoak.
Kreolak espainiar jatorrikoak ziren. Amerikarrentzat ez ziren amerikarrak eta
penintsulako espainiarrentzat ez ziren espainiarrak. Aginte politikotik
bazterturik zeuden, Espainian pentsatzen zutelako behin boterera ailegatzean
independentzia eskatuko zutelako, kreolak ez baitzuten espainiarren menpe egon
beharrik. Bigarren arrazoi bat ilustrazioa izan zen. Ilustrazioaren ideiak
Amerikara ailegatu ziren. Kreolek boterea beraiek eduki behar zutela ikusi
zuten. EEBBek eta Britainia Handiaren eraginak ere lagundu egin zuen. Amerikako
kolonia espainiarretan ezin zen merkatal trataturik egin espainiarren baimenik
gabe, eta Espainiak Britainia Handiari normalean ez zion uzten. Pentsatu zuten,
Amerikako koloniei independentzia eskuratzen laguntzen bazieten, gero merkatal
tratatuak beraiekin egingo zituztela. Britainiarren kasuan hala ere aspaldiko
kontu bat zegoen. Britainia Handiak 13 kolonia zituen Amerikan eta Espainiak
kolonia hauei laguntza eman zien independentzia lortzeko. Orduan Britainia Handiak,
aukera ikusita, Espainiaren Amerikako koloniei independentzia lortzen lagundu
zien. EEBBak kolonia izan zirenez, logikoa ikusi zuten beste kolonia batzuei
independentzia lortzen laguntzea. Azkenik erran behar da espainiarrak 1789tik
koloniekin harremanak gutxitzen joan zirela, espainiarrak 20 urtetan gatazka
askotan egon zirelako, Konbentzioko gerra, Britainia Handiaren kontrako gerra
eta Independentziako gerra. Azkenean harremanak galdu ziren eta kreolek
politikan esku hartzen hasi ziren.
Bi
fase egon ziren koloniek independentzia lortzerakoan. Lehenengoa 1808-1816ko
tartea izan zen. Amerikan ere juntak sortu ziren frantziarren kontra, eta
koloniak beren burua antolatzen hasi ziren. Penintsulatik frantziarrak
kanporatuak izan zirenean, junta hauek espainiarren kontra egin zuten,
independentzia lortzeko. Bigarren fasea, 1816-1824ko tartean kolonien
independentzia etorri zen Simon Bolivar, San Martin eta Iturbideren eskutik.
Espainia
nazioarteko politikan bigarren mailan gelditu zen, gainera merkatua galdu zuen
bere produktuak saltzeko. Errepublika berrietan barne arazo eta tentsio handiak
sortu ziren, kreolek ezarritako kontrol politikoa,ekonomikoa eta sozialaren
ondorioz. Azkenik beste potentzia batzuekiko mendekotasun ekonomiko nabarmenean
erori ziren ( Ameriketako Estatu Batuak eta Britainia Handiarekiko).