II. ERREPUBLIKA 1931-1936
ALDARRIKAPENA
II.
Errepublika, monarkiaren porrotetik etorri zen. Aldarrikapena egin aurretik,
ekintza ezberdinak burutu ziren, monarkiaren erorkera ekarri zuten ekintzak.
1930eko
Abuztuan Donostian bilera bat egin zen. Politikari nagusiak bildu ziren bertan,
beraien artean oso desberdinak zirenak: monarkikoak batzuk eta errepublikarrak
besteak. Monarkikoek errepublika onartuko zuten eta Maura (beste batzuen
artean) irtenbide honen alde zegoen. Monarkiak ez zuen funtzionatzen azken
hauen ustez, ea gutxienez orain errepublikak funtzionatzen zuen. Talde
guztietako pertsonaiak zeuden, ezker errepublikarreko Manuel Azaña, Alderdi
Erradikaleko (errepublikar eskuin erdia) Alejandro Lerroux, katalanistak...
Nahiz eta sozialistak bertan ez egon, ateratzen zenaren alde agertuko zirela
adierazi zuten. Abendurako antolatu nahi zuten errepublikaren etorrera, baina
lehenago, beste pronuntziamendu bat eman zen.
Galan
eta Garcia Jakan altxatu ziren. Huescara abiatu ziren laguntza txiki batekin
pasatzen ziren toki guztietatik errepublika aldarrikatuz. Berehala gelditu
zituzten, eta monarkiak oraindik indarra bazuela demostratu zuen. Garcia eta
Galan epaitu eta heriotza zigorrera kondenatu zituzten. Berehala exekutatu
zituzten.
Honen
ondotik, Donostian bildu zirenak, bada ezpada ere pronuntziamendu berri bat
bertan behera utzi zuten.
Jadanik,
hauteskunde prozesua martxan zegoen eta horrela 1931ko Apirilaren 12ko udal
hauteskundeak jarri ziren. Berriz ere, estatua bitan banatua agertzen zen: alde
batetik errepublikarrak eta bestetik monarkikoak. Hiri nagusi eta hiriburu
gehienetan errepublikarrak garaile atera ziren eta zenbait udaletxek
errepublika aldarrikatu zuten Apirilaren 14ean(Eibarren lehendabiziko).
Erregeari
bi aukera gelditu zitzaizkion: monarkiak jarraitzea edo errepublika jartzea.
Legez monarkiak indarrean jarraitu behar zuen, udal hauteskundeak bakarrik
zirelako. Bere aholkulariek indarra erabiliz, ordena jartzea aholkatu zioten,
baina Alfontso XIII.ak martxan zegoen mugimendu hori uztea erabaki zuen.
Erregeak joatea nahiago izan zuen. Hala ere ez zuen abdikatu, eta eskubideak
izaten jarraitzen zuen eta bere ondorengoek errege izateko eskubidea izanen
zuten.
II.
Errepublika honen iraupena motza izan zen, itxaropen gehiegi zituelako jendeak.
Jendeak uste zuen errepublika iristean arazoak bat batean konponduko zirela.
Ezkertiarrek gizarte berria nahi zuten, nekazariek lurren banaketa, langileriak
egoera hobetu... Mendeetan konpondu ez zena, bi egunetan konpontzea espero
zuten. Ondorioz, batzuentzat errepublika iruzur bat izan zen.
1929ko
krisialdiak jarraitzen zuen, eta ondorioak nabaritzen ziren. Ekonomikoki
depresio bat ematen ari zen errepublika hastean, eta gainera beste estatuek
ezin zioten lagundu egoera berdinean zeudelako. Ekonomikoki, momentu txarrean
ailegatzea tokatu zitzaion.
Europan
antolamendu berezi bat ematen ari zen, faxismoa, errepublika berri honen
kontrakoa. Faxistek krisiari aurre egitea lortu zuten eta Espainian zabaldu egin
ziren faxismoaren ideiak. Errepublika ezkertiarra izanik, ez zuen estatu
faxisten laguntzarik jaso.
Alderdi
politikoak bitan banatzen ziren: ezkertiarrak eta eskuindarrak. Garai hartan
oraindik ez zegoen zentruko kontzepturik. Beraz, ezkertiarra (gorria) edo
eskuindarra (nazionala) izan behar zen, eta bi aldeak erradikalak ziren.
Gobernuan gertatzen ziren aldaketak handiegiak ziren.
Ezkerreko
alderdi desberdinak zeuden. Acción Republicana zen bat, Manuel Azaña
zuen buru eta Espainiaren berrikuntza sakona nahi zuen. Esquerra Republicana
de Catalunyak Katalunia kontrolatzen zuen eta Mazia lehenengo eta gero
Companys izan zituen buru. Alderdi honen eta aurrekoaren artean lotura handia
zegoen, ideia berdintsuak zituztelako. PSOEen (Partido Sozialista Obrero
Español) Largo Caballero,Casares
Quiroga, Besteiro eta Indalecio Prieto dira ezagunenak.
Garai hartan talde honek langileriaren interesak defendatzen zituen, eta grebak
eta horrelakoak askotan antolatu zituen. PCE (Partido Comunista Español)
PSOE baino ezkerrerago kokatzen zen, eta Stalinen aldekoek osatzen zuten.
Espainian errepublika komunista bat ezartzea zuten helburu. Dolores Ibarruri,
“La Pasionaria”, zen talde honetako kide famatuena. CNT-FAIk
(Confederación Nacional del Trabajo-Federación Anarquista Iberica) (bigarren
hau Primo de Riveraren diktaduran sortu zen, CNT jarraitua izan zelako)
iraultza bat batean egitea eta sozialismo libertarioa (askatasunean jabego
pribaturik gabe) ezartzea nahi zuen. POUM (Partido Obrero de Unificación
Marxista) alderdia Troskyren jarraitzaile zen eta PCEtik sortua zen.
Eskuinekoen
artean ere alderdi desberdinak zeuden. Partido Radical Republicano
Alejandro Lerrouxek zuzentzen zuen eta Alfontso XIIIren erregealdian nabarmendu
zen. Gil Roblesen CEDA (Confederación Española de Derechas Autonomas)
izan zen eskuindarren artean presio eta indar gehiena zuena. Alderdi hau
eskuindar alderdiek osatutako koalizioa zen (PNV, Lliga Regionalista...). Bi
alderdik ideia autoritarioak zituzten, JONS (Juntas de Ofensiva Nacional
Sindicalista) eta Jose Antonio Primo de Riverak sortutako Falange Española.
Herriaren subiranotasuna mugatzen zuten eta sistema politikoaren kontra
agertzen ziren.
BI URTE ERREFORMISTAK
(1931-33)
1931ko KONSTITUZIOA
Errepublika
aldarrikatzean gobernu probisional bat ezarri zen, inork aukeratu ez zituen
kideek osatzen zutelarik. Donostian bildu ziren alderdien ordezkariak ziren
(Alcala-Zamora, Azaña, Lerroux, katalanistak, sozialistak...) eta legezkotasuna
mugatua zuen. Ordezkari hauek goi mailako ikasketak zituzten edo bestela
kultura maila handikoak ziren, lurralde guztietakoak ziren eta baita alderdi
gehienetakoak ere. Kideek ez zituzten ondasun handirik, ez ziren aberatsak.
Helburu bat zuten: konstituzio berri bat martxan jartzea. Bertan, armadaren
erreforma, elizarena, nekazaritzarena edo heziketarena agertu behar ziren, hau
da, arazo guztiei aurre egin behar zien konstituzioak.
Hauteskundeak
ospatu ziren, eta ezkertiarrek aise irabazi zituzten. Eskuindarrek ez zuten
parte hartu pentsatzen zutelako errepublikak ez zuela asko iraungo, I.
Errepublikak gutxi iraun zuen bezalaxe. Ez zuten errepublikan konfiantzarik.
Ezkertiarrak talde batean batu ziren, eskuindarrak aldiz erabat sakabanaturik,
eta honek ezkertiarrek irabaztea erraztu zuen.
Berehala
konstituzio bat egin zen. Gorte konstituziogileak deitu eta Espainiako
lehenengo konstituzio errepublikarra egin zuten. Demokratikoa zen eta Espainia
zuzenbidezko estatu (estado de derecho) bat zen. Legeak guztien gainetik
zeuden, hau da, legeek dena antolatzen zuten. Inork ezin zuen egin nahi zuena.
Sufragioa unibertsala izanen zen, eta lehenengo aldiz emakumeak botoa emateko
eskubidea izan zuen (mundu mailan lehenengoetarikoa izan zen). Askatasuna
bermatua geratu zen: adierazpenerako, sinesmenerako eta biltzeko askatasuna.
Urte batzuetan efektiboa egin zen, ez zen paperean bakarrik agertu. Ganbara
bakarra egonen zen, diputatuena, eta horrela herriaren nahia zuzenago eginen
zen. Estatua eta eliza banaturik egon behar zuten. Estatuak ez zeukan federik
eta beraz, estatuak ez zuen eliza babestuko. Ezkontza zibilak ematen hasi
ziren, dibortzioak ere bai (ezkontza kontratu bat zenez, apurtzen ahal zen).
Hezkuntza estatuak bere gain hartu zuen, eta elizak eremu zabala galdu zuen.
Esfortzu berezia egin zen hezkuntza zabaltzeko. Espropiazioak eginen ziren.
Jabegoa zainduko zen, baina gizartearen onerako zenean, estatuak hartuko
zituen. Nekazariei lurrak eman behar zitzaizkien, eta honek latifundistak errepublikaren kontra jarri zituen.
Autonomiak
onartu ziren. Lurraldeetako gauza bereziak legeztatu ziren, nortasun berezia
zuten lurraldeena. Lege hauek foruak ziren.
ERREFORMAK (1931-33)
Gobernu
berria finkatu zen, Azaña gobernuburu zelarik eta Alcala Zamora estatu buru.
Estatu buru ez zuten ezkertiar bat jarri, beldur zirelako tradizionalistak
altxatuko ote ziren. Alcala-Zamora eskuindarra zen eta garai batean monarkikoa
izan zen. Azaña berriz ezkertiarra zen. Francoren garaian, Espainiako etsai
nagusi bihurtu zen. Ongi prestatutako politikaria zen, hitz egiten oso trebea
eta pentsaera arrazional eta ezkerraldekoa. I. Mundu Gerran kazetari aritu zen
eta sarraskiek bere mentalitate ezkertiarra bultzatu zuten. Azaña erbestean hil
zen.
Erreforma
ezberdinak martxan jarri ziren Azañaren gobernuan.
Erreforma militarra. Errepublikarrek iraun nahi baldin bazuten, militarren eragina kontrolpean izan behar zuten, eta Azañak errotik moztea lortu zuen: errepublikaren alde ez zegoena, etxera joaten ahal zen. Hala ere, 1932an Sanjurjo Sevillan altxatu zen errepublikaren kontra. Huts egin zuen pronuntziamenduak. Atxilotu, epaitu eta Portugalera ihes egin zuen.
Hezkuntzaren erreforma. Eliztarren menpe ez zegoen hezkuntza sortu nahi zuen estatuak, berea zuen hezkuntza, hezkuntza publikoa. Estatu osoan ikastetxeak egin ziren, irakasleekin. Honek, eliza mezetan errepublikaren kontra jotzea ekarri zuen. Jesuitak estatutik bota zituzten.
Kataluniako autonomia. Katalunian independentzia aldarrikatu zen, errepublikaren barnean beste errepublika bat eratzen saiatu ziren. Honengatik Kataluniari autonomia eskaini zioten. Autonomi prozesua martxan jarri zen eta berehala akordio batetara ailegatu ziren. Kataluniako alderdiak eta gobernukoak ideia berdintsukoak ziren eta 1932an autonomia eman zitzaion. Generalitat sortu zen parlamentuarekin batera eta Kataluniako berezitasunak onartu ziren.
Beste lurralde batzuek ere autonomia nahi zuten, hala nola, Euskal Herriak eta Galiziak. Bi hauek beste mota bateko bilakaera izan zuten. Euskal Herrian EAJtik etorri zen eskaera. Gobernuko politikariak eta Euskal Herrikoak ez ziren ongi konpontzen, estatuak elizarekin ezer jakin nahi ez zuelako eta EAJk jainkoa beharrezkotzat jotzen zuelako. Honengatik, ez zitzaion autonomia erraz emanen. Lehenengo eskaera Lizarrako Autonomi estatutuarekin etorri zen. Lau lurraldeak batu ziren hasieran. Madrili ez zitzaion gustatu estatutu hau eta ez zuen onartu. Hemen, Nafarroak beste hiru probintziekin autonomi estatutua egitera uko egin zuen. Orduan Gernikakoa egin zen, oraingoan hiru lurraldeak bakarrik. Onartzeko ez zituen aurrekoak bezain beste arazo izan eta 1936an onartua izan zen.
Galiziakoa oraindik ere mantsoago joan zen. Ez zuen inolako kontrakotasunik, baina beste biei lehentasuna eman zitzaien. Gerrak gelditu zuen prozesua, nahiz eta onartzeko zegoen bakarrik.
Nekazal erreforma. Mendeetako arazo handienetakoa izan zen nekazaritza, eta errepublikak bazekien arazoaren konponbidean lurren banaketatik zetorrela. Hori zen nekazariek aspalditik eskatzen zutena, aberatsen kontra jo beraiek lurrak lortzeko. Langileriaren eskaera handitzen joan zen. Gobernuak pixkanaka jarri nahi zuen martxan. Langileek lurrak berehala nahi zituzten, uste zuten iraultza bat eman behar zela. Bi taldeak ezin izan ziren konpondu. Espropiazioak egin baino lehen, gobernuak norenak ziren jakin nahi zuen, lur jabetza ez baitzegoen ongi finkatua. Izugarrizko lana zen hau, urteetako kontua izanen zen eta nekazariek berehala nahi zituzten lurrak. Arazo honek gobernuaren erorkera ekarri zuen.
Andaluzian, lurrak hartu zituzten, berehala behar zituztelako. Cadizen gertakari bereziak eman ziren. Casas Viejasen jornalariek (anarkista kontzientziatuak), Seisdedos buruzagi zutela, lurrak hartu zituzten. Lurjabeak ez ziren gustura gelditu eta Guardia de Asaltori deitu zioten. Hauek jornalariei lurrak uzteko agindu zieten. Baina ez zuten onartu eta etxe batean babestu ziren. Babesteko, guardia bat tirokatu zuten. Guardiak haserretu egin ziren eta tiroka hasi ziren. Ateratzen ez zirenez etxea erre zuten. Jornalari guztiak hil egin ziren errepublikako guardien eskutik. Leku guztietan gobernuaren kontrako protestak egon ziren, hori ezin baitzen onartu. Eskuinekoek Azañari erru guztia eman zioten eta bere dimisioa eskatu zuten. Dimititu egin zuen, nahiz eta gobernuak ez erran guardiei hori egiteko, zeren eta guardiak gobernuaren menpe zeuden.
BI
URTE ERRADIKAL-CEDISTAK (1933-1936)
Hauteskundeak ospatu ziren gobernu berria hautatzeko. 1931ko hauteskundeetan eskuindarrak sakabanatuak aurkeztu baziren, oraingoan ezkerreko alderdiak agertu ziren banatuak, desgastatuak geratu zirelako eta beraien artean liskarrak zeudelako. Eskuindar guztiak CEDAren inguruan aurkeztu ziren.
Garai honetan gertatu zen errepublikaren lehenengo desitxuratzea. CEDAk irabazi arren, presidenteak ez zion alderdi honi eman gobernua antolatzeko agindua. Hauei eman beharrean, Alderdi Erradikalari eman zion. CEDAri ez ematearen arrazoia, alderdia demokratikoa ez zela zen, eta Italian eta Alemanian gertatutakoa hemen gertatzen ahal zela uste zen.
Hala ere, gobernuan CEDAk nahi zuena eramanen zen aurrera, zeren bi alderdiek, Erradikalak eta CEDAk, konponbide bat aurkitu zuten. Hasiera batean ministrorik gabe geratu zen CEDA, baina aurrera eraman ziren legeak CEDArenak ziren.
Berehala kontra-erreforma jarri zen martxan, aurreko bi urtetan egindakoa bertan behera utzi zelarik. Militarra begiratuz, Sanjurjo errepublikaren kontra joan zelako atxilotua izan zen, eta garai honetan orduan altxatu zirenak amnistiatu zituzten. Elizari dirulaguntzak eman zitzaizkion, ikastetxeak eraikitzeko baimena eta elizak beharrezkoa zuen guztia aurrera eramateko. Lurjabeei eta enpresako buruei laguntza eman zitzaien. Dirulaguntzak izan ziren, krisiagatik galdutakoa berreskuratzeko. Berriz ere, Espainian betiko gobernua agertu zen. Herriak protestak egin zituen, baino ez ziren estatu guztira zabaldu.
1934ean ministro cedistak sartu ziren gobernuan eta honek estatu guztian protestak eta istiluak egotea ekarri zuen. Kataluniak berehala independentzia eskatu zuen, ez baitzuen horrelako gobernuarekin zerikusirik nahi, faxistak zirelako. Aldarrikapenak huts egin zuen eta izugarrizko errepresioa eman zen. Huts honen arrazoia, CNTk laguntzarik ez ematea izan zen. Langileriaren partidu garrantzitsuena zen, eta Generalitat-i ez zion laguntza eman bertan zeudenak burgesak zirelako. Generalitateko hainbat kide atxilotuak izan ziren.
Euskal Herrian eta Madrilen ez zuen erreakzio erradikalik izan. Protesta handiak eta manifestaldiak egon ziren gobernuaren kontra. Hala ere nazionalistak ez ziren batu autonomia oraindik ez zutelako lortu.
Asturiasen 1934ko Urrian iraultza bat eman zen. Estatuaren egiturak mugitu ziren, benetako iraultza eman zelako. Alderdi ezkertiar guztiak elkartu ziren, Madrileko gobernua onartzen ez zutela erran zuten, eta beste bat sortu nahi izan zuten. Langileen batzordeak zabaldu ziren. Gizarte antolamendu berria egin zen, langile gizartea, denak berdinak ziren gizartea. Asturiasen mehatzeko eta siderurgiako langileak zeuden eta Errusian gertatu zena jarraitu zuten. Ekonomi arloan ere aldaketa eman zen, komunismoa ezarri nahi baitzuten. Dena langileen eskutik etorri zen (Errusiako sovieten antzera bildu ziren).
CEDA eta Erradikalentzat onartezina zen, hauek burgesak baitziren. Asturiasen zeuden indarrekin ezin izan zituzten kontrolatu, beraiek ere iraultzara batu zirelako askotan. Dinamita askotan erabili zuten langileek, armada baino eraginkorragoa zelako.
Francisco Francori erran zitzaion Asturiasen gertatzen zena konpondu behar zuela. Berak mugimendu guztiak Madriletik zuzendu zituen. Ekintza honetan erakutsi zuen gero erabiliko zituen tresnak, bere bi jokabide nagusiak: afrikar tropak erabiltzea (bazekien estatuko soldaduak erabiliz gero arazoak izanen zituela) eta izua zabaltzea (neurririk gabeko biolentzia). Kontua ez zen denak hiltzea. Kontua iraultzarekin bukatzea zen eta eduki zitzakeen babesleak edo laguntzak erabat beldurtzea. Francok errepresio handia erabili zuen, 1000 langile hil zituelarik. Horrela bukatu zen iraultza, langileen buruzagiak eliminatuak eta jende asko espetxeratua.
Nahiz eta protesta ugari egon, gobernuak ez zuen dimititu. Aurreko gobernuak 20 langile hil zituelako dimititu zuen eta gobernu honek erran zuen Asturiasen gertatutakoa egin beharrekoa zela.
Gobernuaren erorketa bertze toki batetik etorri zen. Gobernuak erruleta bat legeztatu zuelako erori zen. Badirudi gobernuak erruleta legeztatzeko dirua jaso zuela, eta Strauss eta Perlowichek salatu egin zuten. Estraperloa bezala ezagutu zen. CEDAkoak eta Erradikalak beraien artean akusatu ziren, eta aldentzen joan ziren bata bestetik.
Azkenean hauteskundeen deialdia egin zen 1936ko Otsailerako.
FRONTE
POPULARRA (1936ko Otsaila-Uztaila)
Berriz ere hauteskundeak ospatu behar ziren. Oraingo honetan, ez ezkertiarrek ezta eskuindarrek ere ez zuten uste galduko zutenik.
Ezkertiarrak Fronte Popularrean batu ziren, indar guztiak elkartu nahirik: Azañaren alderdia, Esquerra Republicana, sozialistak eta komunistak batu ziren. Hauteskunde hauetan gertatu zen inon gertatu ez zena, nahiz eta beti iraultza nahi izan, anarkistek laguntza eman zioten eskerrari. Askatasuna eta amnistia batu zituzten bere kanpainan. Aurreko bi urtetan askatasuna mugatu zen eta jende askok familiakoren bat kartzelan zuen. CEDA eta alderdi eskuindarrak ere aurkeztu ziren.
Ezkertiarrek irabazi zituzten hauteskundeak. Azaña jarri zuten errepublikako presidente eta Casares Quiroga gobernukoa. Akats bat egin zen hemen, Azañak ezingo zuelako gobernuan parte hartu, errepublikako presidenteak gaur eguneko erregearen funtzioa zuelako. Casares Quirogak ez zuen Azañak zuen erraztasuna gobernatzeko.
Erreformak berriz ere martxan jarri ziren. IRA (Instituto de Reforma Agraria) sortu zen, nekazal erreformaren barruan. Otsailetik gerra piztu zen arte, aurreko urteetan baino lur banaketa gehiago egin ziren. 100 000 nekazariei lurrak eman zitzaizkien, hala ere kopuru txikia zen, baina bederen nekazal arazoa konpontzen hasi zen.
Industrietako langileek grebak egin zituzten etengabe, industriak beraientzat hartzeko. Iraultza komunista nahi zuten. Nekazaritzan bezala, lurra lan egiten duenarentzat, industriak edo enpresak langileenak izan behar zuten. Hau lortzen ez zutenez grebak egin zituzten.
Militarrek zegoen giroa kontrolatzen ahal zutela adierazi zuten, eta gobernu sendo bat jartzeko gogoa erakutsi zuten. Gobernuak hau ikusirik, militar nagusiak sakabanatu zituen: Goded Balear uharteetara, Franco Kanarietara eta Mola Iruñara. Gobernuak uste zuen militarrak zabalduz arazoa konponduko zela eta arriskurik ez zela egonen. Baina ondorioa erabat kontrakoa izan zen. Modu honetan, estatua inguratua geratu zen eta tradizionalki pronuntziamenduak ertzetan ematen ziren. Harremanak mantendu zituzten, eta altxamendua egitean hiru ertzetan egin zuten.
Grebek aurrera egin zuten eta talde ultraeskuindarrek biolentzia erabili zuten. Giroa hondatu zen hiri nagusietan, eta goren bat izan zuen. Uztailaren 12an Castillo tenientea, errepublikarra bera eta langile familiakoa, tirokatuta hil egin zuten. Berehalako erreakzioa izan zuen honek, Guardia de Asaltokoak mendekatuko zirela erran zutelako. Hurrengo egunean Calvo Sotelo politikari eskuindar ospetsua hil egin zuten.
Ekintza hauek, gizartea banatua zegoela erakutsi zuten. Manifestaldi politikoak eman ziren bi aldeetatik, batzuk Castilloren heriotza zela eta, eta besteak Calvo Sotelorena.
Uztailaren 18an Goded, Mola eta Franco altxatu ziren. Franco penintsulara pasatu zen eta Goded Bartzelonatik eta Mola Iruñatik Madrilerantz abiatu ziren. Herriaren zati batek ez zuen altxamendua onartu eta inoiz gertatu ez zena gertatu zen, gerra.
ALDAKETA
SOZIALAK ETA KURTURALAK
LITERATURA
ARLOKO ABANGOARDIAK
1914KO
BELAUNALDIA
Belaunaldi
honek herrialdea modernizatzea eta Europako joerak kulturara erakartzea helburu
zuen. Bereziki garrantzizkoa izan zen Jose Ortega y Gasseten
lana. Aipagarria ere Gregorio Marañon historialari eta saiakera idazlea, eta
Manuel Azaña idazle eta politikaria. Guztiek era
aktiboan parte hartu zuten errepublikako bizitzan. Halaber Ramon Perez de Ayala, Concha Espina , Ramon
Gomez de la Serna edo Juan
Ramon Jiménez aipatu behar dira.
27KO
BELAUNALDIA
Talde
horretan aipagarri dira Federico Garcia
Lorca, Jorge Guillen,Damaso Alonso,Rafael Alberti et Luis Cernuda. Hauek ere Errepublikaren aldeko apustua egin
zuten.
KULTURAREN
ZABALTZEA
Idatzizko
komunikabideak kultura zabaltzeko tresna ezin hobeak izan ziren.El Sol eta La Voz egunkari
liberalak,El Debate katolikoa eta ABC monarkikoa
informazioa banatzeko garrantzitsuak izan ziren. Baita ere El
Socialista langileriarentzako ere. Prentsa eta
literatura irakurtzeko zaletasuna zabaldu zen eta masen kultura ezarri zen.
Informazioa eta dibertimendua irratiaren bitartez zabaltzen zen.
EMAKUMEAREN
ZEREGINA
Errepublikak
botoa emateko aukeraz gain gizarteko zenbait arlotan partzeko aukera ere eman
zien.Clara Campoamor eta
Victoria Knetek karguak lortu zituzten. Gorteetan
dibortzioa eta hezkuntzari buruzko eztabaidetan parte hartzeko aukera izanik.
Bestalde emakumeek iraultza sozialean ere parte hatu zuen eta kasu batzuetan
nabarmenduz:Aida de la Fuente edo Dolores
Ibarruriren kasuan.
ARTE
ADIERAZPENAK
Arkitektura
eta hirigintzan joera arrazionalista nagusitu zen. Fernando Garcia
Mercadal eta GATEPAC taldea nabarmendu ziren.
Donostiako Club Nauticoa
dugu adibide.
Arte
Plastikoetan Europako abangoardiak eta
modernismoak eragina izan zuten. Korronte horiek aurrera eraman zituzten
Salvador Dali edo Pablo Picassoren
artelanak. Hurbilago Zuloaga margolaria izango genuke.
Musikan
Sarasate,Albeniz,Falla, Grandos edo Guridiren lanak aipatzekoak dira.