ATARIKOA TXIRULA-METODOA MUSIKA-MERITUAK DISKOGRAFIA ESTEKAK

 

 

Gure eskolan, Erreniegan, lehen hezkuntzan musika-saioak eta plastikakoak Arte-arloa osatzen dute, astean 50'ko saio bana dutelarik (legean hala agertzen baita). Musika-saioa irakasle espezialistak ematen du berariaz ikasgai honetarako den gelan (aski ongi soinuz isolatua, handi samarra, honako hornidura duena: soinu-ekipoa, teklatua, perkutsio txikiko tresnak, xafladun instrumentuak, ordenagailua eta musika-artxibategi luze eta egokia). Aulkien kokapenak U formakoa du, oso egokia gorputza-adierazpena denerako.

Lehen hezkuntza hiru zikloetan banatua dago: 1. zikloa, 1. eta 2. maila, 6 eta 7 urteko ikasleena; 2. zikloa, 3. eta 4. maila, 8 eta 9 urteko ikasleena; eta 3. zikloa, 5. eta 6. maila, 10 eta 11 urteko ikasleena.

*Musika-saioa lehen zikloan

Ziklo honetan musika-lengoaiarekin lehen harremana dugu: notak (eskala), pultsua (ibiltzearekin harremana), figurak (pultsuaren gainean erritmo-jolasak), soinuak (musika-instrumentuen familiak), doinua (musikaren esaldia), musika-ñabardurak (intentsitatea, abiadura, izaera), pentagrama (2. mailan eta txirula hastapenarekin batera) eta musikogramak (entzunaldiak jarraitu ahal izateko ezohiko grafiadun musika-mapak). Gure abestiek istorio baten gainean eginak daude, horregatik kantatzen ditugunean badakigu zergatik kantatzen ditugun; gainera gure abestiek koreografiaren bat, perkutsio-akonpañamenduren bat, jokoren bat aldean eramaten dute beti. Txirula jotzeari 2. mailan ekiten diogu (txirula-metodoa atalean azaldua dagoena). Oinarrizko solfeoa txirula jotzen ikastearekin batera ikasten da gurean. Lehen mailan egiten den lana partitura horiek (txirularenak) irakurri ahal izatera bideratutako zeregina da: pultsua orri baten gainean jarraitzearena, isilunearen kontuan hartzearena, figuren balioaren interpretatzea (beltza, kortxeak eta zuria). Musika-tresnen ezagutzari 1. mailan hiruhileko oso bat dedikatzen diogu; honetarako fitxak ezezik soinu-material egokia erabiltzen dugu (musikako maisu-lanez gain ikasleentzako hurbilagoak diren YOUTUBEtik jaitsitako bideoak ere). 2. mailan, zer esanik ez, aurreko mailan ikasitakoari errepasoa egiten diogu baina modu orokorrago batean (beste batzuren artean Prokofiev handiaren Peru eta Otsoa maisu-lana erabiliz). Dantzatzea eta gorputza-adierazpena gurean ezinbestekotzat jotzen ditugu eta modu ezberdinez tratatzen ditugu: dantza hutsak egitea, abestiekin batera diren koreografiak eta entzunaldiei lotutako gorputza-mugimenduak. Musika-Entzunaldiak musikogramen bidez edo koreografia batez baliatuz burutzen ditugu, modu jostakor eta eranginkorrean.

*Musika-saioa 2. zikloan

Moduz erraz batean ulertzeko erranen nuke 3.maila 1. zikloko ezaugarriei darraie oraindik ere eta 4. maila 3. ziklokoetatik oso hurbil dabilela. Honela begiraturik 3. mailaren abesti-errepertorioa lehen ziklokoen ezaugarriei eusten diete; kanta asko dramatizatuak izaten dira, alegia. Beste aldetik hainbat abesti kantatzeaz gain txirulaz jotzen dituzte ere. 4. mailako abestiak luzeagoak, helduagoak izaten dira eta nola edo halako zailtasuna aldean dakarte. Txirula-partiturak motzak izaten dira; 3. mailan goiko REtik beherako FArainoko tesituraz eta 4. mailan goiko REtik beheko DOrainokoaz, SI bemola eta FA sostenitua gehitu behar ditugularik. 4. mailan bi taldez, bi txirulez batera jotzen dute pentagrama banatan eta zenbait abestitan harmoniako bi edo hiru notez akonpainamendua egiten dute. Dantzak, erran bezala, 3. mailakoei dramatizazio-kutsu hori darie eta 4. mailakoei ez, aldiz. Musika-Entzunaldiak musikogramen bidez, koreografia batez edo txirulaz gida-notak erabiliz zertzen ditugu.

* Musika-saioa 3. zikloan

Musika-muntaketaren garaian gaude. Gure helburu nagusietako bat da: ikasleek musika-muntaketa egitea, non haiek beraiek, ikasleek, erabateko dantza ikus-entzunkizuna zertuko duten, txirulari, dantzari, perkutsio-jotzaile eta agindu-emaile direlarik, koordinazioan elkar hartzen ari direla. Halako bana egiten dute 5. eta 6. mailan.

Ziklo honetan halako heldutasuna sumatzen da. Gauza serioak egiten ditugu. Euskal kanta ezagunak eta hauen autore-kantariak ezagututzen dituzte, hizkuntza ezberdinez diren kantak ikasten dituzte (frantsesez, ingelesez, portugesez, latinez, lingalaz...) Sortze aldera, zenbait kopla asmatzen dute eta doinuren batzuk txirulaz. 6. mailan DO gorenera igotzen dira moko-txirulaz, bi zortziduneko tesitura eskura izaten dutela honek dakarren errepertorio-aukera handiagoarekin. Dantzek nolabaiteko zailtasuna dute. Entzunaldiak, berriz eta gehien batean musikogramen bidez egiten dituzte.

ERREPERTORIOA

Errepertorioa, musika, gure irakasgaiaren ardatza da. Ikasturtea aurrera joan ahalean maila bakoitzeko taldeak beren errepertorioa eratzen ari dira. Errepertorioa kantez, txirula-gaiez eta dantzez edo koreografiez osatua dago. Errepertorioko gaiek saio bakar batean ikasteko adinakoak izan behar dute. Mailako helburuak eta edukiak sartuak daude errepertorio-gai hauetan. Gainera gure ikasleek beti dute zer eskaini balizko ospakizunetan. Kontuan hartu 6. mailako batek ezagutzen dituela aurreko ikasturteko errepertorioak, horrek eman dezakeen jokoarekin.

Hona Erreniegako Errepertorioaren

 

METODOLOGIA eta BALOREAK

Musika-saioan denok talde bat gara. Guztiok elkarren beharra dugu egin behar duguna ongi atera dadin. Dinamika honek taldearen garrantzia erakusten dio ikasle bakoitzari. Ikaste-prozesu bakoitza eraikitzen da denoi begira, batera ikasten dira kantak, dantzak, txirula-partiturak, musikogramak eta abar. Gure kezkarik handiena daukagun denbora aprobetxatzea da. Ikastekoa den hori aurkezturik, bera lortzeko pausuak egokiak izanik eta ikasleen konpromezua harturik, aurrera egin baino ez da egin behar. Alde batetik elkarrekin zorrotzak, exigenteak izaten gara eta bestetik, begirune handia izaten diogu elkarri.

KONTZERTUAK

Ikasturte bukaeran talde bakoitzak beste talde bati kontzertua eskeintzen dio ikasturtean zehar metatutako errepertorioaz. Hau dela-eta maiatza aldean entseguei ekiten diegu, bi helburu ditugularik: lehena, errepasatzea ikasturtean ikasitakoa, eta bigarrena, kontzertua prestatzea.

Kontzertuak ikusgai daude nire ESKOLA-BLOGEAN.