ZER DA EZAGUTZEA?

Egia bilatzea.

Platonen ustez, errealitatearen gaineko pentsamenduan egiten den edozein aldaketak pentsamendu politikoan aldaketaren bat ekarriko du beti. Beraz, ezagutzaren gaineko teoria oso garrantzi handikoa da. Ez dugu ahaztu behar: helmuga hiria da; hiri bat suntsitu daiteke edonork bertako legeak indargabetzeko aukera eta ahalmena baldin baditu. Hortaz, Platonen asmoa ez da hiri-estatu grekoan ezarrita dagoen ordena politikoa asaldatzea, hiriari falta zaizkion egonkortasuna eta harmonia ematea baizik.

Eta hori lortzeko Platonek ikusten duen bide bakarra hauxe da: betierekoak, unibertsalak, absolutuak, egonkorrak diren egiak bilatzea; horrelako ezaugarriak dituztenez gero baten gustua asetzeko eraldatu ezin direnak; justizia, ontasuna, onbidea, edertasuna eta abarren gaineko egiak; behin ezagutuz gero hirian egonkortasunaz aplika daitezkeen egiak.

Etika eta Politikaren esparruetan sortua zen problema, egonkorra eta zirkunstantzi fisiko eta material guztietatik askea den errealitatearen ezagutzaren esparrura eraman du Platonek. Horrela sortzen da errealitateari buruzko galdera.


Platon: Eutrifon, 6d-e

SOKRATESEK: – (…) Itzul gaitezen aurrean aztertu dugun horretara eta saia zaitez garbiago erantzuten. Errukia zer den galdetu dizudanean, lagun maitea, zuk ez didazu hori argi eta garbi erakutsi; hilketa bat egiteagatik zure aita salatzean ekintza errukizko bat egin duzula esan besterik ez duzu.

 EUTRIFONEK: – Hori esan dut eta egia da, Sokrates.

 SOKRATESEK: – Agian egia da, bai; baina beste gauza askori buruz, Eutrifon, errukizkoak direla diozu.

EUTRIFONEK: – Eta errukizkoak dira, jakina.

SOKRATESEK: – Baina gogora ezazu ez dizudala eskatu errukizkoak diren gauza asko horietatik bat edo bi ezagutaraztea, gauza errukizko guztiek duten izatea erakustea baizik. Zuk esan baituzu, oker ez banago, zerbait dagoela errukizkoa ez den gauza bati errukizkoa ez izatea ematen diona, eta errukizkoa den gauza bati errukizkoa izatea ematen diona. Ala ez zara gogoratzen?

EUTRIFONEK: Gogoratzen naiz, jakina.

SOKRATESEK: Bada, ezaugarri bereizgarri hori zuk niri erakustea nahi dut, gero hori arretaz aztertuz eta eredutzat hartuz, zuk egiten duzuna edo beste batek egiten duena errukizkoa den adieraz dezadan, errukizkoa ez den horretatik bereizten den heinean, jakina.


 Errealitatea ezagut dezakegu?

 Galdera horretan erredundantzia bat dago: ezagutza baldin badago, erreala den horren gaineko ezagutza da. Errealitatea gure ezagumenak ezagutzen duen objektua da. Platonek Sokratesengandik hartu zuen berak proposatu zuen honelako bereizketa: benetako iritzia eta benetako ezagutza. Baina horren inguruan beste galdera batzuk egin daitezke: Zer da errealitatea? Zertan datza erreala izatea? Errealitatea ezagut dezakegu?

Ez da galdera berri bat, Platon baino lehenagoko filosofoek ere egina zuten.

Heraklitok ikusten dugun mundu fisikoa etengabe aldatzen eta mugitzen ari dela esana zuen; eta hortik Platonek ondorioztatu zuen ezinezkoa dela ezagutza behin definituz gero aldatzen den gauza baten gainean: gure ezagumenak errealitateari erreparatzen ahal dezan, beharrezkoa da errealitatea egonkorra izatea.

Parmenidesek, bestaldetik, errealitate egonkor bat existitzen bada, arrazoimenak, eta ez beste ahalmen batek, ezagut dezakeela esana zuen. Sentimenen bitartez lortzen dugun ezagutzak aldakorra den mundu bat erakusten digu, eta horregatik horrelako ezagutzak ez du baliorik errealitatea benetan zer den ezagutzeko.

Gauzak horrela, errealitateak, gure ezagumenak ezagutu behar duen horrek, zerbait egonkorra izan behar du, zerbait aldaezina, betierekoa, iraunkorra. Horrelakoa den hori arrazoimenak ezagut dezake, behin esperientzia sentigarritik askatuz gero, esperientzia sentigarriak (hau da, sentimenen bitartez lortzen dugun ezagutzak) ematen digun  munduaren gaineko ideia faltsua baita, eta oker egotera eramaten gaitu. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu Platonek Sokratesengandik ikasi zuen zerbait: ezagutzea balio unibertsala duten definizioak bilatzea da. Hori guztia zegoen Platonen gogoan, hau da, Parmenidesengandik ikasi zuena, eta Sokratesengandik ikasi zuena. Planteamendu horiek oinarritzat harturik, Platonek bere teoria nagusia garatu zuen: Ideien teoria; ezagutza eta errealitatea esplikatzeko Platonek garatu zuen teoria.


 PLATON: Errepublika, VII, 514a-516e

-Honen ondoren, bada, esan nuen, heziera eta hezigabetasunari buruz pareka ezazu gure izaera honelako egoerarekin. Ikus itzazu, bada, gizon batzuk, luzera guztian argirantz sarrera zabal bat zabalik daukan lurpeko leize-egoitza batean baleude bezala, umetatik bertan daudelarik, bernetatik eta samatik loturik, beti leku berean, eta aurrera baino begiratu ezinik, eta, lokarriak direla eta, euren buruak ezin itzulirik; bestalde gizon hauen atzealdetik urrunean eta goitik suargi bat bizturik, eta bide bat goialdean suaren eta atxilotuen artean; ikusazu baita ere bide horren luzeran eginiko harresitxo bat, titiriteroek jendearen aurrean jartzen duten estalkiaren antzekoa, zeinen gainetik gauza harrigarriak erakusten dituzten.

-Badakusat, esan zuen.

-Harresi horren luzeran, ikus itzazu, bada, gizon batzuk, harresia gainditzen duten edotariko tresnak eramaten, eta baita giza iduri batzuk ere eta harrizko edo zurezko animalia batzuk eta eginiko guztitariko gauzak ere; eta berezko denez, garraiari hauen artean batzuk hizketan joango dira eta beste batzuk ixilik.

-Hara nolako ikuskizun eta atxilotu baragarriak aipatzen dituzun, esan zuen.

-Gure antz-antzekoak dira, esan nuen. Lehenengo eta behin, uste ote duzu honako hauek eurei buruz edo besteei buruz ezer ikusi dutenik suak aurrean daukaten leize-hormara jaurtikitzen dizkien itzalak baino besterik?

-Nola, esan zuen, buruak geldi edukitzera behartuak izan badira bizitza osoan?

-Eta eramaten dituzten gauzei buruz, zer? Ez ote da gauza bera gertatuko?

-Zer, bada?

-Eta euren artean hitzegiteko gai balira ez al duzu uste agertzen zaizkien gauzei buruz dihardutela uste izango dutenik?

-Beharrezko.

-Eta espetxe horrek aurreko hormatik oihartzun egingo balu, zer? Eta igarotzen direnen artetik inork hitzegin lezakeen bakoitzean, uste duzu agertzen zaizkien itzalak baino bestek hitzegiten diela uste izango dutenik?

-Nik neuk ez, Zeusarren, esan zuen.

-Era guztietara, beraz, esan nuen, honako hauek ez dute egiatzat ezer izango, eginiko gauzen itzalak baino.

-Guztiz beharrezko, esan zuen.

-Azter ezazu, bada, esan nuen, zer gerta litekeen euren lokarrietatik askatu eta zorakeriatik senda balitez eta euren izaerari dagokionez, honako gauza hauek gerta balekizkie: honako atxilotu bat askatu izan ledinean, eta bat-batean zutitzera, burua itzultzera, ibiltzera, eta argirantz begiratzera behartu izan ledinean, eta gauza guzti hauek egitean min har lezanean, eta distirengatik, lehen itzalez ikusten zituen gauzak ikus ezin litzanean, zer uste duzu erantzun lezakeela horrek inork esan balezaio lehen huskeriak bakarrik ikusten zituela, eta orain, izatearen askoz hurrago dagoelako eta izate benetakoagoaren aurrez aurre dagoelako hobeto ikusten duela, eta areago, igarotzen diren gauzen artetik bakoitza erakutsirik zer den erantzutera behar baleza? Ez al duzu uste zurtz eginik egon litekeenik eta lehen ikusten zituen gauzak orain erakusten zaizkionak baino egiazkoagoak zirela uste izan lezakeenik?

-Askoz gehiago, benetan, esan zuen.

-Eta argi berbererantz begiratzera behartua izan baledi, ez ote lezake begietako oinazerik izan eta ihes egin ikus litzakeen gauzetara itzuliz, eta ez ote lezake uste izan benetan gauza hauek argiago direla erakusten zaizkionak baino?

-Horrelaxe da, esan zuen.

-Eta, esan nuen, inork indarrez handik atera baleza irteera latz eta erripatsu horretan zehar, eta eguzkiaren argitara narraz eraman arte utz ez baleza, ez ote duzu uste, ausaz, mindu eta narraz eramana izateagatik haserre litekeenik, eta argitara heldurikoan, begiak argiz bete-beterik dauzkalako ez datekeela gai orain egiazko direla dioguzan gauzen artetik bat bera ere ikusteko?

-Ez, ez litzateke gai izango, esan zuen, bat-batean, behintzat.

-Uste dut, bada, ohitu beharko lukeela goiko gauzak ikusiko baditu. Hasteko, errazen itzalak ikusiko lituzke, hauen ondoren urazaletan gizonen eta gainerakoen iduriak, eta azkenik gauza berberak zuzenean. Hauen ondotik, errazago ikusiko lituzke gauez zeruan dauden gauzak eta zerua bera, izarren eta ilargiaren argirantz begiraturik, egunez eguzkia eta eguzkiaren bidez ikusten direnak baino.

– Eta nola ez, bada?

-Eta azkenean, bada, uste dut eguzkia bera, baina ez uretan edo beste edozein lekutan haren iduria, eguzkia bera baino, den-denekoan eta bere eremuan ikusi ahal lukeela eta den-den lakoxean begira ahal liokeela.

-Beharrezko, esan zuen.

-Ondoren eguzkiari buruz ebatziko luke eguzkia bera dela urtaroak eta urteak ere jartzen dituena, eta ikusgai-eremuan dauden gauza guztien gain agintzen duena, eta era batera edo bestera, eurak ikusten dituzten gauza guztien iturburu.

-Argi dago, esan zuen, uste haietatik besteetara joango litzatekeela.

-Zer, bada? Lehengo bere etxeaz eta hango jakintzaz eta bere gartzela-kideez gogoratzen denean, ez ote duzu uste, alde batetik, zoriontsu izango dela izan duen aldakuntzaz, eta bestetik, haien erruki izango dela?

-Bai horixe.

-Eta atxilotuen artean, agertzen diren gauzak zorrotzen ikusten dituenarentzat eta zeintzuk ziren lehen igarotzen direnak eta zeintzuk ondoren edo batera ondoen gogoratzen denarentzat, eta ikuskizun horietan oinarriturik gertatuko dena iragartzeko ahalmen handiena daukanarentzat, bata bestearekiko ohore eta goraipamenik balitz, uste duzu haien bekaitzik izango lukeenik, ala Homerosena gertatuko litzaiokeela, edozein modutan nahiago izango lukeela nekazari-mutil izanik lan egitea ondasun gabeko beste gizon batentzat eta areago beste edozer jasatea, gauza guzti haiek eriztearen ordez, eta era hartan bizi izatearen ordez?

-Horrelaxe, uste dut nik neuk ere, edozer jasatea onartuko lukeela era hartan bizi izan baino.


Zertan datza errealitatea?

Bi ezagutzeko modu: esperientzia (sentimenak) eta arrazoimena, bi errealitate desberdin: bata aldakorra eta hilkorra, bestea iraunkorra eta betierekoa. Hortik sortzen den problema gainditzeko bidea Platonek Sokratesen irakaspenetan aurkitu zuen: ezagutzak, benetakoa izateko, egonkorra izan behar du ezinbestez. Hortaz, Platonek Ideien mundua existitzen dela ondorioztatu zuen, eta mundu horri dagokiola benetan erreala izatea , egonkorra baita, eta ez mundu fisiko eta materialari, azken honek Ideien munduari zor diolako bere izatea, eta, beraz, mundu fisikoa mundu idealaren islada lausoa besterik ez dela.

Baina, zer dira Ideiak? Ideia bat forma komun bat, printzipio komun bat, objektu bat definitzen dituen ezaugarri esentzialak biltzen dituena; objektu horren kontzeptua eta zerizana da. Platonen esanetan, Ideia da objektu bat “den hori”, “gauza bakoitzaren izatea”, “berez den hori”. “Zaldia”, “gizakia”, “triangelu” edo “edertasun” ideiek mundu fisikoko zaldi, gizaki, triangelu edo gauza eder guztien definizio perfektua,  hau da, zerizana edo esentzia biltzen dute. Eta horrez gain, Platonek zera dio: ideiek existentzia erreala dute, gauza materialen eredu perfektu, unibertsal eta hilezkorrak dira, eta gauza material horiek, gure sentimenek hautematen dituzten gauzak, eredu horien islada inperfektuak besterik ez dira. Mundu fisikoko gauzen eta ideien munduko ideia unibertsalen artean dagoen erlazioa, itzal baten eta itzala produzitzen duen objektuaren artean dagoen erlazioarekin pareka daiteke: itzala objektu horren proiekzio iluna besterik ez da; eta itzal horren existentzia objektuaren menpe dago, itzalak objektuari zor baitio bere existentzia. Zaldi, triangelu edo gauza eder askoren inpresio partikularrak, zaldi, triangelu edo edertasunaren ideia bakar  eta unibertsalaren menpe daude, ideia horiek gabe ezingo genuke gauza partikular horiei buruz hitzegin.

Bestalde, ideiek dituzten ezaugarriak ezagumenak bilatzen duen egiei dagozkionak dira: hondatu ezinak, betierekoak, mugiezinak, bakarrak, aldaezinak, perfektuak, unibertsalak dira. Objektu fisikoak,aldiz, ideien isladak direnak, hilkorrak, aldakorrak, inperfektuak, anitzak, partikularrak dira.

Platonek planteatzen duen dualismoa, hau da, bi mundu eta bi errealitate existitzea, giza izateari ere aplikatzen dio: gorputza eta arima bi errealitate desberdin dira, bata fisikoa eta hilkorra, ezagutzeko sentimenetaz baliatzen den gorputzarena; bestea, razionala eta betierekoa, ezagutzeko arrazoimenaz baliatzen den arimarena.