GIZA IZATEAREN GAINEKO JAKINTZA

1.ARIMA: BIZITZAREN PRINTZIPIOA.

 Izatearen gaineko azterketan izakiak naturalak edo artifizialak izan daitezkeela ikusi dugu. Izaki naturalak, beren aldetik, bizidunak eta bizigabeak izan daitezke. Izaki bizidunei buruz arima dutela esango genuke. Aristotelesek esan zuen izaki bizidunen ezaugarri bereizgarria arima (psyché) edukitzea dela, arima izaki horiei bizitzea ematen diena dela. Eta bizitzea gaitasun jakin batzuk edukitzea eta garatzea da. Baina, izaki bizidun guztiek gaitasun berberak ez dituztenez gero, izaki bizidunek arima mota berbera ez dutela ondorioztatu beharko genuke.  Beraz, arima izaki bizidunek dituzten gaitasun edo ahalmen multzoa da. Horren arabera, izaki bizidun bat materiaz (gorputzaz) eta forma ematen dioten ahalmen multzo batez (arimaz) osatutako substantzia bat da. Gorputza eta arima, materia eta forma, ezin dira banandurik existitu, aldiz, biek izakiaren batasuna eratzen dute, horren substantzia eratzen dute: bizitza itzaltzen denean, gorputzak dituen ahalmenak desagertzen dira, subjektu batetik, gorputz batetik kanpo ahalmen horiek eragin ezin baitute.

Zein dira ahalmen horiek? Ez dira berdinak izaki guztietan. Landareek elikatzeko, hazteko eta ugaltzeko ahalmena dute (arima begetatiboa dute). Animaliek, landareek dituzten ahalmen horiez gain, hautemateko ahalmena eta, horrengatik, beren inguruan gertatzen diren gauzak bereizteko ahalmena dute. Ahalmen horrek, bere aldetik, beste ahalmen bat pizten du, desira, tokiko mugimenduaren printzipioa dena (arima sentimenezkoa). Gizakiek, horrez gain, adimena dute, ezagutzera eramaten dituena (arima razionala). Hortaz, gizakion bizitza goragokoa da, baita beren helburuak eta asmoak ere.

 

ARIMA MOTA AHALMENAK IZAKI BIZIDUNAK
 

Arima begetatiboa

 

 

Elikatzekoa, haztekoa, ugaltzekoa

 

 

Landareak

 

Arima sentimenezkoa

 

 

Hautematekoa, desira, oroimena, lokomozioa

 

 

Animaliak

 

Arima razionala

 

 

Adimena, nahimena

 

Gizakiak

2.DESIRATIK EKINTZARA

 Ikusi dugun bezala, gizakiak arima razionala du, hau da, sentsazioetatik abiaturik, inguratzen duen errealitatearen printzipioak eta kausak ezagutzea lor dezake, errealitate horretan bere burua sarturik. Bestalde, sentsazioetatik desira sortzen da, eta desira horrek gizakiari berez dagokion ezagutza ere bultzatzen du. Orain ikusiko dugu desira giza ekintzaren jatorria ere dela. Horrela, Aristotelesen filosofiak dituen bi aldeak aztertuko ditugu: alde teorikoa eta alde praktikoa, errealitatearen ezagutzaren gaineko hausnarketa eta ongia bilatzen duen giza ekintzaren gaineko hausnarketa.

Sentsazioa baldin badago, atsegina dena eta desatsegina dena bereizteko, plazerra ematen duena eta kaltegarria dena bereizteko ahalmena dago. Hortaz, sentsaziotik zerbaitekiko desira edo nazka sortzen da, eta horietatik zerbait hori lortzeko edo ekiditeko ekintza sortzen da.

Baina, horrek animaliei dagokien ekintza azaltzen besterik ez du. Gizakiaren arima, ikusi dugun moduan, ez da sentimenetan gelditzen. Gizakiaren arima razionala da, eta, beraz, pentsatu, hausnartu, deliberatu, etorkizuna aurreikusi egiten ahal du. Gizakiok ez gara atsegina eta plazerra ematen duen hori lortzeko ahaleginetan gelditzen. Ditugun xedeak ez dira oraingo honetan gelditzen, hortik urrunago dagoen horretara zuzentzen dira. Horregatik, plazerraren noziotik harantzago ongiaren nozioa dago. Ongiak, ona denak, ezagutza, hausnarketa, deliberazioa eta hautaketa eskatzen ditu.

Animalietan sentsazioak hausnarketarik gabeko desira sortarazten du. Gizakiongan, berriz, sentsazioak, arrazoimenak lagundurik, hausnarketazko desira sortarazten du. Horrelako arrazoimenari arrazoimen praktikoa deitzen diogu, bere xedea ekintza delako (arrazoimen teorikoaren aurrean, zeinaren xedea ezagutza da). Arrazoimen praktikoak sentimenek emandako informazioa aztertzen du, horretan atsegina eta desatsegina bereizten, eta, segidan, berehalakoa etorkizunekoarekin alderatzen du, orain atsegingarria den hori etorkizunerako ongia den deliberatzeko eta kalkulatzeko. Deliberazioa egin ondoren, erabakia edo hautaketa egingo du, ekintzara pasatzeko. Arrazoimen praktikoak, beraz, ekintzaren xedea ezartzen du, baina xedea hori desiran du bere jatorria. Horregatik, Aristotelesek adimenezko desira deitzen dio. Ona den horren desira da; xedea eta ongia bat datoz.


Aristoteles: Nikomakorentzako etika, VI, 2, 1139a-b

Beraz, ekintzaren sorrera –mugimenduaren abiapuntua, ez helburua – hautapena da, eta hautapenarena, gogoa eta beste zerbaitengatik egiten den arrazoia. Horregatik ez dago hautapenik adimenik gabe, pentsamendurik eta izaera moralik gabe; jokaera ona eta horren aurkakoa ekintzaren eremuan ez baitira pentsamendurik eta aiurririk gabe; eta pentsamenduak, berez, ez du ezer mugitzen, beste zerbaiten kausa eta praktikoa ez bada, horrek pentsamendu sortzailea ere gobernatzen baitu, zerbait egiten duen orok zerbaiti begira egiten duelako, eta egindakoa ez da helburua erabateko zentzuan (zerbaiti buruzkoa eta zerbaitena bada ere), ekintza bera baizik; ekintza ona helburua baita, eta horren desira. Horregatik, edo hautapena guramenezko adimena da, edo adimenezko guramena, eta horrelako hastapena gizakia da.

3.DENOK LORTU NAHI DUGUN XEDEA: ZORIONA

 Deliberazioa desirak proposatzen dituen xedeei buruz gogoetaz egindako kalkulua da, gogoeta horretan desiratzen dugun hori xedetzat hartzen dugu, lortu nahi dugun ongitzat hartzen dugu. Hala ere, xede guztiak ez dira berdinak, ez dira maila berekoak. Izango balira, gure bizitzan desiratzen ditugun hainbeste xedeak ikusirik, batzuetan elkarren kontrakoak izanik ere, gure bizitza kaos bihurtuko litzateke, noraezean ibiliko ginateke hara hona: berdinak baldin balira zein hautatu beharko genuke? Beraz, xedeek harmonian egon behar dute, ordena batean egon behar dute, hierarkia-antolaketa batean egon behar dute. Horrela pentsatzen zuen Aristotelesek. Xedeen artean erlazio bat dago, eta erlazio horretan batzuk beste batzuen menpe daude. Adibidez, egoki elikatu nahi dugu, ariketa fisikoa egin nahi dugu,… goragoko xede bati begira: osasuna edukitzea. Baina, bere aldetik, osasuna lortu nahi dugu ez bakarrik osasuna lortzeagatik, horrez gain, osasunaren bitartez beste xede bat, goragokoa xede bat lor dezakegulako: ongi bizitzea, adibidez. Eta horrela segi dezake xedeen kateak. Baina kate horrek nonbait eduki behar du bere bukaera, nonbait egon behar du azken xede batek, beste baten menpe ez dagoen xedea, xede gorena. Azken xede hori, Aristotelesen ustez, zoriona (eudaimonia) da.

 Zer da zoriona?

Zoriona denok lortu nahi dugun xede gorena da. Gure desira guztiak, asmo guztiak eta ekintza guztiak azken xede horretara zuzenduta daude. Hor denok ados gaude. Hala ere, adostasun hori hausten da zoriona zer den galdetzen dugunean. Aristotelesen erantzuna zera da: zoriona gizakiari berez dagokion horretan datza, gizakia izateagatik gizakiak duen zerbaitetan. Batzuek zoriona eta plazerra berdintzen dituzte, zoriona eta plazerra edukitzea gauza bera delakoan. Baina horrek ez gintuzke animalietatik bereiziko, animaliek berehalako gurak asetu nahi besterik ez baitituzte. Gizakia razionala da, eta zorionak arrazoimenaren jardueran izan behar du oinarri. Zorion gorena ezagutza teorikoak ematen ahal diguna da, kontenplazioa: errealitatean dagoen ordena ikusi eta ulertzea. Jakintsuari dagokion zoriona da, jainkoengana hurbiltzen gaituen zoriona da: horrelako zoriona lortzen duen gizakiak, arrazoizkoa den horretara bere arreta zuzenduz gero, gorputzak dituen beharrizanak alde batera uzten baitu.

Baina horrelako zorion goren hori bakar gutxi batzuek lor dezakete. Gizakia ez da bakardadean bizi den izaki bat, gizartean bizi da, eta bertan berak dituen beharrizanak asetzen ditu eta beste gizaki batzuekin bizi da. Horrelako egoeran lor daitekeen zorion bat ere existitu behar da: gizartean biziz, gizakiak duen ezaugarri bereizgarria, hau da, berari dagokion ahalmen razionala garatzea ahalbidetzen duen bizimodu bat. Egia esan, inork ezin du bizi bere oinarrizko beharrizanak asetu gabe. Beraz, bi alde horiek, arrazoimena garatzea eta oinarrizko beharrizanak asetzea, lortzeko bide bat bilatu behar da. Hori zorion praktikoa da. Gizartearen, polis-en, barne gauzatzen den zoriona. Hala ere, hasieran planteatu dugun galderak erantzunik gabe segitzen du: Zer da zoriona? Aristotelesek zera erantzun zuen: Bertutearen araberako jardueran oinarritzen den bizimodua. Eta horrek zera galdetzera eramaten gaitu: Zer da bertutea?


Aristoteles: Nikomakorentzako etika, X, 6 (1176b), 7  (1177a eta 1178a) eta ( (1178a-b)

Beraz, askotan esan bezala, preziatuak eta atseginak izango dira gizaki bertutetsuen ustez horrelakoak direnak; gizaki bakoitzarentzat desiragarriena berez dagokion azturaren araberako jarduera izango da, eta gizaki bertutetsuarentzat, hortaz, bertutearen araberakoa. Zoriontasuna, beraz, ez dago olguran, zentzugabea bailitzateke helburua olgura izatea, eta bizialdi osoan saiatzea eta pairatzea olgatzeagatik. Izan ere, gauza guztiak, nolabait esateko, beste zerbaitengatik aukeratzen ditugu, zoriontasuna izan ezik, hori bera baita helburua.(…)

Zoriontasuna bertutearen araberako jarduera bada, zentzuzkoa da bertute gorenaren araberakoa izatea, eta jarduera hori gizakiaren alde onenarena izango da. Hortaz, alde hori adimena nahiz beste edozer izanik, berez agintzen, gidatzen eta gauza ederrei eta jainkozkoei buruzko ezaguera izaten omen duena, nahiz hori bera ere berez jainkozkoa edo gure baitan dagoen alderik jainkozkoena izan, alde horren jarduera berez dagokion bertutearen araberakoa izango da zoriontasun betea. Eta esana dago hau begiespen-jarduera dela.(…)

Eta lehen esandakoa orain ere bada egokia, gizaki bakoitzarentzat izatez dagokiona onena eta atseginena baita bakoitzarentzat; hortaz, gizakiarentzat ere izango da adimenaren araberako bizitza, gizakia, gehienbat, hori bada, behintzat. Bizitza hori izango da, orduan, zoriontsuena ere.

Bigarren zentzu batean, beste bertuteen araberako bizitza izango da zoriontsua, bertute horien araberako jarduerak gizatiarrak baitira. Izan ere, zuzentasuna, adorea eta gainerako bertuteak elkarrekiko praktikatzen ditugu itunetan, tratuetan eta askotariko ekintzetan, baita pasioetan ere, kasu bakoitzean komenigarria dena behatzen dugularik; eta nabaria da gauza horiek guztiak gizatiarrak direla. Bestalde, badirudi batzuk gorputzetik datozela, eta bertute etikoa, sarritan, pasioei estu lotuta dagoela. Zuhurtzia ere badago bertute etikoari uztartuta, eta hori zuhurtziari, zuhurtziaren printzipioak bertute etikoaren araberakoak baitira, eta bertute etikoen zuzentasuna, zuhurtziaren araberakoa. Bertute horiek pasioei elkarturik daudenez, giza konposatuari buruzkoak izango dira, eta giza konposatuaren bertuteak gizatiarrak dira; beraz, baita bertute horien araberako bizitza eta zoriontasuna ere. Adimenaren bertutea, berriz, bananduta dago; baina horri buruz esandakoa nahikoa da, gai hori zehatzago aztertzea ez baita aurretik ezarritako gure helburua. Irudi lezake, bestalde, adimenaren bertuteak kanpoko baliabideen behar txikia duela, edo bertute etikoak baino neurri txikiagoan. Izan ere, demagun bi bertuteek modu berean behar dituztela gauza beharrezkoak, nahiz eta politikariak, neurri handiagoan, gorputzari buruzko gauzetan lan egiten duen gogor –desberdintasuna txikia bailitzateke –; jarduerei dagokienez, ostera, desberdintasuna handia litzateke. Izan ere, gizaki oparoak ondasunen beharra izango du bere oparotasuna gauzatzeko, eta gizaki zuzenak, beraz, mesedeak itzultzeko (asmoak ikustezinak baitira, eta zuzenak ez direnek ere zuzen jokatuarena egin nahi dute), eta gizaki adoretsuak kemenaren beharra du bere bertutearen araberako ekintza bat gauzatuko badu, eta gizaki neurrizkoak, askatasunaren beharra; nola argituko ote da, bestela, neurrizkoa hori edo beste edozer dela? Eztabaidatzen da, bestalde, zer ote den nagusiagoa, bertutearen hautapena edo bertutearen ekintzak, bertutea bietan datzala kontuan hartuta. Agerikoa da bertutearen betea bietan izango dela, eta ekintzarako gauza asko behar direla, eta ekintza zenbat eta handiagoa eta ederragoa den, orduan gauza gehiago behar. Hala ere, begiesten duen gizakiak ez du horrelako beharrik bere jarduerarako, gauza horiek, nolabait esateko, eragozpenak ere baitira begiespenerako, gizakia den eta beste gizaki askorekin bizi den neurrian bertutearen araberako portaeran jardutea aukeratzen du, eta, beraz, baliabide haien beharra izango du gizakiak bezala bizi izateko.


4.BERTUTEA BIKAINTASUNA DA.

Ikus dezagun zer den bertutea, Aristotelesek emandako definizioa abiapuntutzat hartuz: “Beraz, bertutea nahita hautaturiko aztura bat da, guri dagokigun erdikotasunean datzana, eta hori gizaki zuhurrak zehatz lezake.”(Nikomakorentzako etika, II, 6 1107a).

Bertutea nahita hautaturiko aztura bat da.

Bertuteen arabera jardutea ezin da pasakorra, ezustekoa edo inkontzientea izan. Gizaki bat ez da zuzena, adoretsua edo neurritsua egun batean bai eta biharamunean ez. Zuzena izatea, adoretsua izatea edo neurritsua izatea baten izaerak dituen ezaugarriak izateko, ekintzen jarraitasunean agertu behar dute. Hau da, gizaki bat ez da zuzena, gizaki batek ez du zuzentasuna bereganatu, ekintza zuzen bakar bat  egiteagatik; gizaki bat zuzena izango da bere bizitzan ekintza zuzen asko egiten baditu. Gainera, gizaki batek horrelako bertuteak bereganatu dituela esaten ahal dezagun, bertute horiek isladatzen dituzten ekintzak nahita eta kontzienteki egin behar ditu. Aristotelesek ez zuen ulertzen aztura hitza guk ulertzen dugun moduan: ekintza jakin batzuk behin eta berriz mekanikoki errepikatzea. Aztura da ekintza jakin batzuk egin nahi dituen nahimenaren jarrera sendoa, bestela esanda, bi ekintzen aurrean ohizkotasunez bat beste bat baino nahiago izatea. Eta nahiago izate horretan, beraz, hautaketa bat behin eta berriz egiten da. Horregatik esaten dugu bertutea nahita hautaturiko aztura bat dela. Eta hautaketa hori erabakitzen den irizpidea da ea ekintza horren bitartez lor daitekeen gizakiarentzat den xede on bat.

Bertutea erdikotasunean datzana

Nola jakin daiteke xede bat xede on bat den? Zein da hori erabakitzeko irizpidea? Bertutea (areté) bikaintasuna dela ulertu behar dugu: norberak berari dagokion eginkizuna bikaineko moduan egitea. Zurgina, biolinjolea bertutetsuak (birtuosoak) direla esaten dugu beren eginkizuna bikaineko moduan egiten badute. Gizaki bati buruz hitzegiten adjektibo hori erabiltzen dugunean, gizaki horrek duen izaera bikaineko modukoa dela adierazi nahi dugu. Eta lan bat bikaina dela esaten dugu, lan horretatik ezer ez kentzen ahal ez dugunean eta lan horri ezer ez atxikitzen ahal ez diogunean, ez du ezer sobera, ez zaio ezer falta. Hori da Aristotelesek erdibidekoa edo erdiko terminoa deitu ziona: ez gehiegizkoa, ez gutxiegizkoa. Adibidez: Adorea gehiegizkoa den ausarkeriaren eta gutxiegizkoa den koldarkeriaren artean dagoen erdibidekoa da. Erdibidekoa ideal morala da, Aristotelesen ustez.

Aristotelesek bertutea erdikotasunean datzala esan zuen, baina horrez gain, “guri dagokiguna” dela esan zuen. Ideal morala ezin da modu abstraktu batean ulertu, beti indibiduoari dagokionez pentsatu eta ulertu behar da. Norberak kalkulatu behar du zein den dagokion erdiko terminoa, bere izaera, esperientzia, sentimenduak, zirkunstantziak,… kontuan harturik. Kalkuluak, arrazoimenak azken finean, egin behar den hautaketa egoera jakin bakoitzean erabaki behar du.

Gizaki zuhurra eredu morala da

Bertutea, beraz, bertutez beteriko ekintzak ohizkotasunez egitea da, erdiko terminoa hautatuz eta dauden zirkunstantziak kontuan harturik. Baina, nola jakin daiteke zein den erdiko terminoa zirkunstantzia bakoitzean? Ezin da hori irakatsi. Ez dago inolako araurik, ez errezetarik, egoera jakin batean zein den bertutearen araberako ekintza jakiteko. Gizaki bertutetsuak daki hori, ez beste inork. Horri galdetu beharko genioke; bera da kontuan hartu behar dugun eredua.

Bertutetsua den horren jakintza zuhurtzia da (phronesis), giza arazoen gaineko jakintza (jakintza praktikoa). Zuhurtzia adimenaren bertutea da. Zuhurtziak, arrazonamenduaz baliaturik, gure xedeak lortzeko behar diren baliabideak aukeratzen ditu, eta xede horiek lortzeko zein diren ekintza egokienak erabakitzen ditu. Baina, aldi berean, zein diren xede onak eta zein diren xede txarrak bereizten ditu; xede batzuk beste xede batzuk lortzeko bideak direla jakinik. Horrela, zuhurtzia xede gorena iristera eramaten gaituen jakintza da, hau da, zorionera eramaten gaituen jakintza, xede zuzenak eta bide egokiak zein diren deliberatuz. Eta, horregatik, zuhurki jardutera eramaten gaituen desira adimenezko desira da, eta ez animaliek duten desira bezalakoa. Bere asmoak onak dira, eta asmo horiek lortzeko deliberazioa egokiena da.


Aristoteles: Nikomakorentzako etika, II, 9; III, 5; eta VI, 5, 7, 9

Izan ere, nahikoa azalduta dago bertute etikoa erdiko terminoa dela eta zein zentzutan, eta erdiko terminoa bi bizioren artekoa dela, bata gehiegikeriaz eta bestea gabeziaz, eta horrelakoa dela pasioetan eta ekintzetan, erdiko terminora jotzeko gai izateagatik. Horregatik da nekeza ere lan bertutetsua izatea, gauza orotan erdiko terminoa aurkitzea lan nekeza baita; adibidez, zirkuluaren zentroa ezin du edozeinek aurkitu, dakienak baizik; halaber, sumintzea ere gauza erraza da eta edonor sumin daiteke, baita dirua ematea eta gastatzea ere; baina nori, zenbat, noiz, zergatik eta nola eman, hori ezin du edozeinek egin, eta erraza ere ez da; ongia horrexegatik da urria, goragarria eta ederra.(…)

Horrela, bada, gogoaren objektua helburua, baina hausnarketena eta hautapenena helburuetarako baliabideak izanik, horiei buruzko ekintzak hautapenaren araberakoak eta borondatezkoak izango dira, eta horiei buruzkoa ere izango da bertuteen jarduera. Beraz, bertutea ere gure esku dago, eta, berdin, bizioak ere bai. Izan ere, egitea gure esku dagoen bakoitzean, ez egitea ere badago, eta ezezkoa gure esku dagoen bakoitzean, baiezkoa ere bai. Horrenbestez, ongia egitea gure esku badago, era berean, lotsagarria ez egitea ere egongo da gure esku, eta ongia ez egitea gure esku badago, lotsagarria egitea ere egongo da gure esku. Eta ongia eta lotsagarria egitea gure esku badago, eta, berdin, ez egitea, eta hori zen, hain zuzen ere, onak eta bihozgaiztoak izatea, orduan, bertutetsuak eta biziotsuak izatea gure esku izango da. (…)

Zuhurtziari dagokionez, azter genezake beraren definizioa, zuhur zein gizoni deitzen diogun kontuan hartuz. Izan ere, zuhurra denaren berezkoa izaten omen da bere buruarentzat ona eta onuragarria den horri buruz zuzen deliberatzeko gai izatea, ez alde bateko zentzuan –adibidez, osasunerako, indarrerako –, zentzu orokorrean baizik, ongi bizi izateko, alegia. Horren adierazle dugu gauza jakin bati buruz nolabaiteko helburu on bati begira ongi arrazonatzen dutenei zuhurrak deitzen diegula, inolako arteren objektua ez diren gaietan. Horrenbestez, orokorrean, gizaki deliberatzailea ere izan daiteke zuhurra. Hala ere, inork ez du deliberatzen bestelakoa izan ezin daitekeenari buruz, ezta berak egin ezin dezakeen horri buruz ere. Beraz, zientzia frogapenen bidez eraikitzen baldin bada, eta bestelakoak izan daitezkeen printzipioak dituzten gauza haiei buruzko frogapenik ez badago (gauza guztiok bestelakoak ere izan baitaitezke), eta ezinbestekoa den horri buruz deliberatu ezin bada, zuhurtzia ez daiteke zientzia bat izan, ezta arte bat ere: ez zientzia, egiten dena aldatu daitekeelako, eta ez artea, ekintzaren eta sortzearen generoak desberdinak dira eta. Beraz, geratzen da zuhurtzia, egiazko eta arrazoizko aztura praktikoa izango dela gizakiarentzako ongiari eta gaizkiari buruz.(…)

Zuhurtzia, ordea, giza kontuei eta deliberagarria den guztiari buruzkoa da. Izan ere, zuhurra denaren zeregina, hain zuzen, gehienbat ongi deliberatzea dela esaten dugu; eta inork ez du bestelakoa izan daitekeenari buruz deliberatzen, ezta nolabaiteko helbururik ez duen horri buruz ere, eta hori ongi egingarri bat izanik. Eta zentzu absolutuan ongi deliberatzen duena da gizakientzat onena, eta, egingarria dena, itutzat hartzen duena arrazonamenduaren arabera. Zuhurtziak, unibertsala dena ez ezik, banakoa dena ere ezagutu behar du, praktikoa baita, eta ekintza, banakoa denari dagokio. (…)

Baina deliberazio ona deliberazioaren nolabaiteko zuzentasun bat da; horregatik bilatu behar da lehendabizi deliberazioa zer eta zeri buruzkoa den.

Zuzentasunak zentzu bat baino gehiago duenez, agerian dago ez dela edozein zuzentasun, meneraezinak eta ziztrinak harturiko asmoa arrazonamenduaren ondorioz erdietsiko baitute; beraz, euren deliberazioa zuzena izango da, baina lorturikoa gaizki handi bat; hala ere, badirudi ongi deliberatu izana ongi bat dela; deliberazioaren horrelako zuzentasuna deliberazio ona baita, ongi bat lortzeko gai dena, alegia. Hala ere, ongi bat silogismo faltsu baten bidez ere lor daiteke, hots, egin behar ez dena lortu, ez egiazko termino baten bidez, faltsua den erdiko terminoaren bidez baizik; hortaz, hori ere ez da oraindik izango deliberazio ona, hots, lortu behar dena lortzen den deliberazio onari esker, baina ez egin behar den moduan. Gainera, batek denbora luzez deliberatu eta gero lor dezake ongi bat; beste batek, berriz, berehala; horrenbestez, hura ere ez da oraindik izango deliberazio ona; aitzitik, zuzentasuna onuragarria denari egokitzen zaiona da, objektuari, moduari zein denborari dagokienez. Bestalde, ongi deliberatu izana erabateko zentzuan eta helburu jakin bati begirakoa izan daiteke; beraz, lehenengoa, erabateko helburura eramaten duena da, eta bestea, helburu jakin batera eramaten duena. Beraz, ongi deliberatu izana zuhurrak direnen berezkoa baldin bada, deliberazio ona hauxe izango da: zuhurtzia, egiazko ustea denaren helburuari begira, onuragarria den zuzentasun bat.


5.BERTUTEA EZINEZKOA DA HIRITIK KANPO.

Gizakia berez animalia soziala da, politikoa. Gizartea bere xedea da, bere perfekzioa, gizartetik kanpo ezingo litzateke gizakitzat hartu. Bere beharrizanak, bere ongizatea, bere zoriona, gizatalde baten barne, elkarte baten barne, eta ez beste inon, asetu daitezke. Zein elkartetan? Familia, herrixka, hiria elkarteak dira. Baina familia eta herrixka elkarte txikiak dira, eta ez dira nahikoa gizakiek duten xedeak asetzeko. Hiria (polis) soilik, eta ez beste erkidego bat, autosufizientea da. Hiriak eskain dezake gizaki batek bere bizitzarako behar duena. Eta zentzu guztietan egiten du hori hiriak.

Lehenbizi, gizabanako batek bere kabuz asetu ezin dituen oinarrizko beharrizanak hirian asetu ditzake: lankidetza, elkarri laguntzea, elkarren artean zerbitzuak trukatzea, horiek dira oinarrizko beharrizanak asetzeko bideak. Horregatik, naturak, ezer alferrik egiten ez duena, gizakiari hitzegiteko ahalmena eman dio, eta ahalmen horrek elkarren arteko komunikazioa ahalbidetzen du eta horri esker gizakiak defini dezake zer den ona dena, txarra dena, zuzena dena eta zuzengabea dena.

Bigarrenik, hiria denok nahi dugun zoriona gauzatzea ahalbidetzen duen lekua da. Bertan, posible da giza bizitzaren ideala lortzea: bertuteen araberako jardueraren bitartez lortzen dena.

Horregatik, Aristotelesen filosofian Etika eta Politika ezin dira banandu. Politikaren zeregina zoriona ekar ditzakeen baldintzak ezartzea da. Gizakia, gizaki den aldetik, hiri baten barne garatu daiteke, ez beste inon. Hiria, bere aldetik, gizakiaren garapena ahalbidetzeko asmoz antolatu behar da.

6. GOBERNUAREN TEORIA

Bi gobernu-mota bereizten ditu: a) onak eta b) endekatuak.  Lehengoak guztien ona lortzeko joera (altruista) du eta bigarrenak, berriz, ona lortzeko joera (egoista).

Hona hemen bi gobernatzeko era hauek elkarren parean jarrita:

                                    Erregimen onak           Endekatuak

Monarkia                        Tirania

Aristokrazia                    Oligarkia

Demokrazia                    Anarkia (demagogia)

Ez dago garbi zein den hiru horietatik garrantzizkoena.  Behar bada demokrazia edota hiru horien arteko konbinazio harmoniatsua.