INGURATZEN GAITUEN MUNDUAREN GAINEKO JAKINTZA

1.FILOSOFIAREN EZAGUGAIA: IZATEA

 Gizakiak, izatez, jakiteko desira du, jakintza gorena iristeko grina filosofia da, zientzia gorena izatea dagokion ezagutza bakarra dena, Aristotelesen ustez. Eta Filosofiaren helburua Izakiaren gaineko ezagutza lortzea da, hau da, errealitatea ezagutzea lortzea. Baina, Aristotelesek zer adierazi nahi zuen “izatea” aipatzen zuenean? Izaki guztiei buruzko jakintza orokor bat zuen gogoan? Izaki zehatz bati buruzko jakintza bat zuen gogoan?

Galdera horiei erantzun baino lehen beste gauza bat jakin behar dugu. Aristotelesek galdera horiei Metafisika izeneko liburuan erantzun zien. Liburu horretan berak emandako irakasgai batzuk bildu zituen bere ikasle batek, Rodaseko Andronikok, hain zuzen. Ikasle horrek eman zion izenburua liburu horri, eta izenburua aukeratzean izan zuen irizpidea ordena besterik ez zen: Aristotelesek emandako irakasgaiak ordenan jartzean, Metafisika izeneko liburu horretan bildu zituenak naturaren (physis-en) gaineko teoriari buruzko irakasgaien atzean (meta) jarri zituen. Egia esan, Aristotelesek izatearen gaineko ikerkuntza egin behar zuen zientziari lehen filosofia deitu zion.

Zientzia partikular guztiek errealitatearen eremu bat aukeratzen dute, eta eremu horretara mugatzen dute egin behar dituzten azterketa eta ikerkuntza (biologiak izaki bizidunak aztertzen ditu, musikak soinuak, geometriak irudiak,…). Horien aldean, lehen filosofiak, zehatza eta orokorra den horrez haraindira jotzen, errealitatea bere osotasunean aztertzen du, izakiaz oro har hitzegiten du: “Badena, zerbait den heinean” (tò òn hêi ón).

Izateak, zer egitura du?

“Den” horri buruz gauza asko esan dezakegu: “izatea” terminoak esanahi ugari ditu, eta, beraz, esanahi askotan erabil daiteke. Har dezagun edozein izaki bat, eta horri buruz “bera gauza asko dela” esan dezakegu. Adibidez: Platon izeneko izakiari buruz esan dezakegu gizakia dela, Aristotelesen irakaslea dela, aberatsa dela, omoplato handikoa dela, Atenasen dela, jakintsua dela… Kasu guztietan izaki horri buruz zerbait esango dugu: zein den bere zerizana, duen erlazio bat, gizartean duen lekua,  duen ezaugarri fisiko bat, non dagoen, … Izaki bati buruz esan ditzakegun gauza horiek guztiak (kategoriak, Aristotelesen terminologian), izaki hori ulertzeko moduak dira.

Baina, kategoria horiek guztiek beste kategoria baten gainean esaten ditugu, eta azken hori gabe ezingo ditugu esan (gauza baten predikatuak dira, eta predikatu bat zerbaitena da, eta zerbait hori gabe ezin dira esan). Kategoria hori lehena eta nagusia da, substantzia (ousía): “izatea esanahi askotan esaten da, baina beti gauza bakar baten gainean”. Substantzia gauza bat zer den galdetzen dugunean esaten duguna da. Atenasen izatea, Aristotelesen izatea, jakintsua izatea…, existitzen den zerbait dira, baina beren existentzia zerbaiten existentziaren menpe dago, substantzia baten menpe, Atenasen den substantziaren menpe, Aristotelesen irakaslea den substantziaren menpe, jakintsua den substantziaren menpe,…

Izaki baten egituran bereizi ditzakegu substantzia eta substantziari buruz esan daitekeen guztia. Substantziari buruz esan ditzakegun horien artean, batzuk esentzialak dira (bere esentzia edo zerizana zein den esaten dutenak), eta horiek falta badira den hori izaten utziko luke izaki horrek (Platon gizakia da). Beste batzuk akzidentalak dira (akzidenteak), substantziari atxikitzen zaizkionak, eta horiek gabe den hori izaten segituko luke izaki horrek (Adibidez: Platon aberatsa da).


Aristoteles: Metafisika, IV, 1-28 (1003a.b)

Badago zientzia bat  “den-a den aldetik” eta berez honi dagokiona aztertzen duena. Zientzia hau ez da partikular izendatzen ditugun horietakoa, gainerako zientziotatik batek ere ez baitu  “den-a den aldetik” orokorrean ikertzen; aitzitik, honen zatiren bat xehatuta, zati honi dagozkion akzidenteak aztertzen ditu, esaterako zientzia matematikoak.

Eta printzipioak eta kausa gorenak bilatzen ari garenez gero, argi dago hauek berezko den izaeraren batenak direla nahitaez.

“Den-a” zentzu askotan esaten da, baina gauza bakar bati eta izaera bakarren bati dagokionean, eta ez izenkidetasunarengatik, osasuntsu dena zentzu guztietan osasunari dagokion bezala baizik: honek mantendu egiten duelako, horrek sortu, beste hura osasunaren ezaugarria delako, halako hura osasuna jasotzeko gai delako. Era berean sendagilea sendakuntzari dagokio (izan ere, sendagile esaten zaio bati sendatzeko zientzia duelako, beste bati horretarako berezko duen gaitasunarengatik, halako bati sendakuntzaren obra izateagatik, eta hauen antzeko moduan esaten diren bestelako gauzak ere aurkituko ditugu).

Horrela, bada,  “den-a” ere zentzu askotan esaten da, baina guztietan printzipio bakar bati dagokio. Izan ere, diren guztiak izendatzen dira batzuk substantziak direlako, beste batzuk substantziaren afekzioak direlako, beste batzuk, berriz, substantziarako bidea, edo usteldurak, edo gabeziak, edo nolakotasunak, edo eragileak, edo sortzaileak direlako, substantziarenak edo substantziari dagokionez esaten ditugunenak, edo hauetako baten edo substantziaren ezeztapenak direlako. Horregatik  “ez den-a” ere ez den zerbait badela esaten dugu. (…)

Alabaina, zientziari dagokio nagusiki kasu guztietan lehenengo dena, gainerakoen sustengu den hori, zeinarengatik izendatzen baitira besteak. Beraz, hori substantzia baldin bada, substantzienak dira filosofoak ezagutu beharreko printzipioak eta kausak.


2LEHEN ERREALITATEA: SUBSTANTZIA

Aristoteles bere garaiko eta kulturako arazoetan buru-belarri sarturik bizi zen. Filosofia grekoaren hasieratik galdera bat zegoen airean: Zein funtsezko errealitatea? Zein da existitzen diren gauza guztien funtsa? Zein da gauza guztien izatearen printzipioa? Miletotarrek esan bezala, gauza guztien existentzia printzipio bakar batzuei zor zaie (ura, airea,..)? Platonek esan bezala, mundu fisikoko gauzen izatea Ideiei zor zaie? Demokritok esan bezala, gauzen izatea gauza horiek osatzen dituzten atomoei zor zaie? Aristoteles ez zegoen arazo horretatik kanpo, eta, pentsalaria zen aldetik, erantzun egokia bilatu nahian bizi zen. Baina, Aristotelesek eman behar zuen erantzuna ezin zen hasiera batean mugatua zuen markotik kanpo egon: jakintza guztien sorburua sentimenen bitartez lortzen dugun ezagutza da. Beraz, bilatu behar dugun izatearen printzipio horrek sentimenen bitartez hautemateko modukoa izan behar du; ezin da sentimenez haraindikoa izan, hau da, Platonen Ideiak bezalakoa; eta ezin da, oso txikia delako, sentimenek hauteman ezin duten zerbait izan, hau da,  Demokritoren atomoak bezalakoa.

 Dagoeneko, jakin badakigu substantzia oinarrizkoa eta primarioa den hori dela, gainontzeko gauzen errealitatea azaltzen ahal duen hori dela. Horrela, errealitatearen egitura eta ordena aurkitu ditugu: existitzen diren gauzen artean, batzuk substantziak dira eta beste batzuk substantziaren menpe daude, substantziei zor zaie beren existentzia. Errealitatearen ordena horretan, substantziak lehentasunezkoak dira; existentziaren ordenan substantziek dute lehentasuna.

 Hala ere, oraindik ez dago zer den substantzia erabat argituta. Platonen pentsamenduari egindako kritikak oso gogorrak izan arren, Aristotelesek ezin du Platonek berak ezarritako dialektika horretatik atera: Partikularren eta unibertsalen arteko dialektika, objektu fisiko eta indibidualen eta ideien arteko dialektika. Zer da, beraz, substantzia? Zertan datza bere izatea? Izaki indibidualetan (zuhaitz horretan, gizaki horretan, mahai horretan) ala kontzeptu esentzialetan, izaki indibidual horiek definitzen dituzten kontzeptu unibertsaletan? Substantzia indibiduo zehatza baldin bada, orduan “Jon” substantzia izango litzateke, baina ez “gizakia”. Aldiz, substantzia definizioa baldin bada, “gizakia” substantzia izango litzateke, baina ez “Jon”. Platonen ustez, gizaki jakin horren gizaki izatea gizakiaren ideian parte hartzeari zor zaio. Aristotelesen ustez, gizaki indibidual bakoitzaren existentzia gizakiaren gaineko ideia unibertsala baino lehenagokoa da.

Hor dagoen problema ebasteko, Aristotelesek bi substantzia mota bereizi zituen. Alde batetik,  lehen substantzia, indibiduoa (gizaki hau, mahai hau,…) dago; horri buruz esan dezakegu bere existentzia beste baten menpe ez dagoela. Bestaldetik, bigarren substantzia dago; lehen substantziaren espeziea  edo generoa; bere existentzia gauza indibidualen menpe dago.  Esan daiteke, zer den substantzia argitzerakoan, zer den errealitatearen lehen azpigaia edo printzipioa argitzerakoan, Aristotelesek erantzungo lukeela honela: errealitatearen lehen azpigaia edo printzipioa objektu indibidualak dira, sentimenen bitartez hauteman daitezkeenak, berez existentzia dutenak. Bigarren substantziari dagokionez, etengabe aldatzen ari den munduari ordena eta egonkortasuna ematen dizkiola esango luke Aristotelesek, eta horrelako funtzioa ez da huskeria bat.

 Sen onak esaten digunari kasu egiten eta errealitateari sakon-sakon begiratzen, Aristotelesek dualismo platonikoa gainditzea lortu zuen, berak sortutako kontzeptuari esker, substantzia kontzeptuari esker: Existitzen den errealitatea bakarra da, fisikoa, indibiduala eta zehatza dena; errealitate horretatik ateratzen ditugun kontzeptuek errealitate horri ordena ematea, errealitate hori definitzea eta errealitatea horri buruz pentsatzea ahalbidetzen digute, baina kontzeptu horiek ez dira mundu honetatik at dagoen mundu batean existitzen.


Aristoteles: Metafisika, VII, 1 (1028 a)

“Den-a” zentzu askotan esaten da, Zentzuei buruzko pasartean azaldu genuen bezala. Izan ere, alde batetik zerkia eta zehaztutako zerbait adierazten du, eta beste alde batetik, koalitatea, kantitatea eta horrela predikatzen diren gainerakoak. Eta den-a zentzu hauetan guztietan esaten bada, agerian dago denetan lehena zerkia dela, honek substantzia adierazten duelarik (zehaztutako zerbait nolakoa den esaten dugunean, ona ala txarra esan ohi baitugu, baina ez  “hiru okondokoa” ala  “gizakia” denik; alabaina, zer den esaten dugunean, ez dugu esan ohi zuria, edo beroa, edo hiru ukondokoa, gizaki bat edo jainko bat baizik); eta gainerakoak  “direnak” izendatzen dira honelako den-aren kantitateak, koalitateak, afekzioak edo bestelako zerbait izateagatik.

Horregatik sor liteke aporia hau, ea paseeran ibiltzeak, sendatzeak eta esertzeak  “den zerbait” ala  “ez den zerbait” adierazten duten ala ez, eta berdin honelako beste edozeinetan. Izan ere, hauetako bat bera ere ez da berez, eta substantziatik bananduta ere ezin izan; aitzitik, izatekotan, neurri handiagoz izango dira  “direnak” paseeran dabilena, eserita dagoena eta sendatzen duena. Eta hauek neurri handiagoz dirudite  “direnak”, zehaztutako azpigairen bat dutelako (hots, substantzia eta banakoa) eta hori kategoria jakin batean adierazten da,  “ona” edo  “eserita dagoena” ezin baitira hori gabe esan. Argi dago honengatik direla haietako kategoria bakoitza; beraz,  “Den Lehena” -ez  “den zerbait”, baizik eta  “den-a” soil-soilik-, substantzia izango da.


3.ERREALITATEA ALDAKORRA DA.

Baina gauzak, izakiak, ez dira aldaezinak edo betierekoak, denboraren menpe daude, eraldatzen dira, sortzen eta hiltzen dira: aldatzen dira.

Aristotelesek, izakien errealitatearen printzipioei eta kausei buruzko ikerkuntzarekin segituz, izakiek duten etengabeko aldaketari buruz ikertu zuen, eta horrekin batera hasieratik filosofo grekoak kezkatu zuten galderari erantzuna eman zion.

Gogora dezagun, adibidez, Parmenidesek zeukan ideia: Izatea bakarra eta aldaezina da, ez da aldatzen. Edo Platonena: mundu fisikoko gauzak anitzak, aldakorrak, hilkorrak dira, baina beren errealitatea itxura hutsa da. Ikusi dugun bezala, Aristotelesek ez zituen horrelako baiezpenak onartu, eta horien kontra, mundu fisikoko izakiak anitzak zirela eta benetako existentzia zutela esan zuen.

Eleako filosofoek (batez ere, Parmenidesek) esan zuten mugimendua zela den zerbait ez den zerbait izatera pasatzea, edo ez den zerbait den zerbait izatera pasatzea. Baina ez-izatea, definizioz, ezereza da, beraz ezin da existitu; beraz aldaketa ez da existitzen, eta izatea aldaezina da.

 Aldaketaren baldintzak: materia eta forma

Eleako filosofoek utzitako problema gainditzeko, Aristotelesek Heraklitok eta beste pentsalari greko batzuek mugimenduaren gainean zuten ideia kontuan hartu zuen. Horiek, esperientzian oinarriturik, aldaketa “elkarren kontrajarrien arteko borroka” zela, mugimendua zerbait bere kontrakoa izatera pasatzea zela, eserita ez egotetik eserita egotera, ez jakintsua izatetik jakintsua izatera. Horretan, mugimenduan abiapuntu bat eta helmuga bat zeudela aurkitu zuten, mugimendua hasierako egoera batetik bukaerako egoera batera pasatzea zela. Ideia hori kontuan harturik, Aristotelesek, eleatarrek esandakoa indarrik gabe uzteko, beste ideia bat gehitu zuen: aldaketa guztietan irauten duen zerbait dago, eta horren gainean gertatzen da aldaketa, eta zerbait hori aldaketaren azpigaia edo subjektua da. Aldaketa guztietan abiapuntu bat eta helmuga bat daude, hasierako egoera bat eta bukaerako egoera bat daude, eta baita iraunkorra den zerbait ere, aldaketaren azpigaia: aldaketa baino lehen existitzen zena; aldaketan zehar existitzen dena; eta aldaketa eta gero existitzen dena; eta horren gainean gertatzen da aldaketa.

Horrez gain, izakia, substantzia dela esaten dugun izaki bakoitza, materiaz eta formaz osatutako konposatu bat da. Materia aldaketaren azpigaia edo subjektua da, irauten duen hori: zerbait zerez egina dagoen galdetzen dugunean erantzuna ematen digun hori. Forma aldaketaren emaitza da; materiak duen egitura edo antolaketa: zerbait ezagutzea eta definitzea ahalbidetzen digun hori (Gogoan izan ditzagun Platonen Ideiak edo “Formak”). Baina materia eta forma ezin dira banandurik existitu. Horien arteko batasunari substantzia da, hau da, den hori, existitzen den hori da. Forma materiarik gabe ez da existitzen; eta materia formarik gabe ez da ezer. Existitzen diren  horiek indibiduo zehatzak dira, materi zehatz batez egina daudenak, eta forma zehatz batek egituratutakoak.

Aldaketa: potentzia eta aktua (egintzan).

Materia eta forma kontzeptu horiekin aldaketaren baldintza logikoak aztertu ditugu. Kontzeptu horien bitartez Aristotelesek filosofia grekoan aldaketaren gainean zegoen aporia (problema) ebaztea lortu zuen: izatetik ez izatera edo ez izatetik izatera pasatzean bati azpigaia dago, irauten duen subjektua, zeinaren gainean aldaketa gertatzen da, forma zehatz bat hartzen duena. Baina, oraindik ere galde dezakegu: ez-izatea zerbait al da? Ez-izatearen errealitatea esplikatzeko Aristotelesek potentzia kontzeptua asmatu zuen. Gauzak aldatzen dira alda daitezkeelako, oraingo honetan, aktuan (egintzan) diren horiek bestelakoak izateko posibilitatea edo ahalmena baitute. Potentzia (dynamis) eta aktua (egintza) (entelekia) kontzeptuen bitartez Aristotelesek aldaketaren arrazoia argitu zuen. Aktua (egintza) oraina da, oraingo honetan den hori da, gauza bat den bezalakoa; errealitatea, erreala den hori, gauzatu den hori (gauza bihurtu den hori). Potentzia izan daitekeena da, etorkizunean izan daitekeen hori, gauza bat izan daitekeen bezalakoa; posibilitatea, gauzatu daitekeena (gauza bihurtu daitekeena). Intxaurrondoren hazia orain zerbait da, intxaurra da, aktuan (egintzan) intxaurra da, baina, aldi berean, intxaurrondo bihurtzeko posibilitatea du intxaurrak, intxaurrondo izateko ahalmena du, intxaurra potentzian intxaurrondo da. Intxaurra intxaurrondo behin bihurtuz gero, intxaurrondoa aktuan (egintzan) intxaurrondoa dela esango dugu.

Izaki naturalek, izaki artifizialek ez bezala, beren baitan dute aldaketaren printzipioa, hau da, berez aldatzen eta garatzen dira, naturak beren baitan ezarri duten legeari segituz: intxaurra intxaurrondoa izango da, besterik ez. Izaki natural batek duen potentzialtasunak norabide zehatz bat du, helburu zehatz bat du, bere formak ezarritakoari segitu behar dio. Esan dezakegu, oro har, materia potentziari dakion bezala, forma aktuari dakiola.


Aristoteles, Metafisika, XII, 1-3 (1069b-1070a)

Bestalde, sentimenezko substantzia aldakorra da. Eta aldaketa kontrajarrietatik sortzen bada, edo bitartekoetatik, baina ez edozein kontrajarritatik (soinu artikulatua ere ez-zuria baita), kontrakotik baizik, nahitaez izango da kontrakorantz aldatzen den azpigairen bat, kontrakoak ez baitira aldatzen.

Gainera, bada irauten duen zerbait, baina kontrakoak ez du irauten; beraz, kontrakoez gain, hirugarren bat ere badago: materia.

Beraz, aldaketak lau badira -zerkiaren, koalitatearen, kantitatearen eta kokapenaren araberakoak- eta genesia eta usteldura zentzu absolutuan  “honako honen” arabera ematen badira, handitzea eta gutxitzea kantitatearen arabera, aldakuntza koalitatearen arabera eta lekualdaketa kokapenaren arabera ematen badira, aldaketak banako bakoitzari dagokion kontrakorantz gertatuko dira. Ondorioz, materia izango da, nahitaez, aldatzen dena, potentzian bi kontrakoak delarik.

Eta  “den-a” bi modutan ematen denez, aldaketa oro potentzian izatetik egintzan izatera ematen da (adibidez, zuria potentzian izatetik zuria egintzan izatera, eta berdin handitzeari eta gutxitzeari dagokienez); beraz, ez-den zerbaitetik akzidentalki sortzea litekeena izan ezezik, den zerbaitetik dena sortzea ere litekeena da, hots, potentzian den eta egintzan ez-den zerbaitetik. (…)

[Ez-dena hiru zentzutan esaten denez, galde genezake nolako  “ez-denetatik” eman daitekeen genesia]. Eta potentzian dagoen zerbaitetik sortzen bada, ez da, alabaina, edozeretatik, potentzian desberdinak direnetatik gauza desberdinak sortzen direlako. (…)

Horrela, bada, hiru dira kausak eta hiru dira printzipioak: bi kontrakotasunari dagozkio -bata, kontrakotasunaren esakunea eta forma da; bestea, haren eza-. Hirugarrena materia da.(…)

Izan ere, aldatzen den oro bada zerbait, zerbaitek eraginda eta zerbaiterantz zuzendua. Aldaketa eragiten duen hori, mugiarazle lehena da; aldatzen dena, materia da; hura, norantz zuzentzen den, forma da.


Aldaketaren azalpena: lau kausak.

Inguratzen gaituen errealitateko izaki guztiak aldatzen dira; aldaketa guztiak kausa batengatik gertatzen dira, aldaketa gertarazten duen horrengatik. Ezagutza zientifikoa lortzea ezinezkoa izango litzateke gertaerak zergatik gertatzen diren azaltzea lortuko ez bagenu, gertaeren kausa argitzea lortuko ez bagenu. Aristotelesek lau azalpen mota bereizi zituen: kausa materiala, kausa formala, kausa eginkorra eta kausa xedezkoa.

Kausa materiala materia da, aztertzen ari garen hori zerez egina dagoen azaltzen diguna, eta, ikusi dugun moduan, materia aldaketaren abiapuntuan dagoen hori eta aldaketan zehar dagoen hori da, aldaketaren subjektua edo azpigaia: Eskultore batek egindako estatua baten materia marmola izan daiteke, eta hori izango litzateke estatua zer eta nolakoa den esplikatzeko bide bat.

Kausa formala forma da, zerizana, aztertzen ari garen gauza horren egitura. Izaki bizidunen kasuan, beren garapena agintzen duen legea da: Hazi baten barruan haziak izan behar duen zuhaitz horren forma dago; izaki artifizialetan egilearen gogamenean zegoen eredua da, egileak zuen ideia, adibidez, eskultoreak marmoletik atera nahi zuen estatua.

Kausa eraginkorra aldaketaren eragilea da, aztertzen ari garen horren zuzeneko jatorria: estatuaren zuzeneko kausa eskultorea da. Gure eguneroko hizkeran horixe da kausatzat hartzen duguna.

Kausa xedezkoa aldaketaren xedea da, aldaketaren asmoa da: zuhaitzak elikatzeko garatzen ditu erroak, eskultoreak plazan erakusteko zizelatzen du estatua. Aristotelesen ustez, naturan existitzen den guztia xede baten arabera garatzen, mugitzen edo aldatzen da. Ideia hori Aristotelesen filosofiaren zutabe bat da.

4.NATURAK XEDE BAT DU.

Teleologia naturak xede bat duela defendatzen duen doktrina da (telos = xedea). Ideia horrek Aristotelesen lan osoan eragina du. Leku askotan ideia hori biltzen duten esaldiak aurki daitezke: “Naturak ez du ezer halabeharrez egiten” (Zeruaz , II, 8); “Naturak, senak eramanik, komeni zaiona bilatzen du” (Animalien historia, 615a); “Naturak ez du ezer arrazoirik gabe eta alferrik egiten” (Zeruaz, II, 11).

Zer esan nahi du Aristotelesek horrelako esaldiekin? Naturan ordena dagoela; naturak egoera perfektu batera jotzen du. Naturan existitzen den guztia aztertzerakoan, den bezalakoa izateko arrazoi bat duelakoan aztertu beharko genuke, naturako ordena horretan eginkizun bat duelakoan aztertu beharko genuke. Aristotelesek esan zuen naturan gertatzen den guztia halabeharrez ala xede batengatik gerta daitekeela; baina naturan ordena eta erregulartasuna daudenez gero, kasu gehienetan alde batera utzi beharko genuke halabeharrez gertatzen dela, eta, aldi berean, xede batengatik gertatzen dela pentsatzen badugu horren azalpena aurkituko genuke: arrainek ezkatak, eta ez azala, edukitzea ez da halabeharrezkoa; inurriak janaria biltzea ere ez; halaber, neguan hotza egitea, udan beroa, landareek erroak edukitzea, euria ari izatea,…

Giza ekintzei dagokienez, ekintzak gidatzen dituztenak xedeak eta asmoak direla esan beharko genuke. Askoz errazagoa da kasu honetan hortaz jabetzea. Gizakiak deliberatu eta gero zerbait egitea erabakitzen du; beren ekintzetan xede bat edo asmo bat aurkituko dugu beti: etxe bat eraikitzea, botikak hartzea, promesa bat egitea, kirola egitea, egunkaria irakurtzea,… xede batengatik egiten ditugun ekintzak dira.