Bere familian nahi zutenaren kontra, Platonek jarduera politikoan aritzeari uko egin zion, hiria gobernatzeko modu hoberena zein den aurkitzeko gogoeta politikoari ekiteko. Gobernatzeko modu horren eskutik, hiritarrak onbideaz jantziko ziren eta bizitza ona (“Eudeimonia”) lortuko zuten. Ikus dezagun nola joan zen Platon proiektu hori gauzatzen.
Menon izeneko elkarrizketaren hasieran, Platonek onbidea irakats al daitekeen galdetzen du. Galdera hori egiteak, eta horren ondorioz sortzen diren galderak egiteak (onbidea irakastea zertan datzan, nork irakatsi behar duen, zertarako), eta, jakina, erantzuten saiatzeak Platonen filosofiak nondik nora joan behar duen erakusten digute, nolabait. Platonen zituen kezka nagusiak hauek ziren: hirian nagusitu zen antolaketa politikorik eza, heziera moralaren gainbehera, gizabanakoaren baitan harmoniarik eza. Kezka horiek Platon bultzatu zuten bere gogoeta egitera, gaitz horien sorburua aurkitzeko eta horien sendabide aurkitzeko asmoz. “Irakatsi” hitzak hiri justua antolatzeko lanean parte hartu behar duten hiritarren hezieraren gainean Platonek zuen interesa agerira dakar. “Onbidea” hitzak bizitza on eta zoriontsu bat lortzeko hiritarrek nolakoak izan behar duten argitzeko Platonek zuen ardura agerira dakar. Eta gauza guztien gainetik, Platonen helburu nagusia hauxe zen: Nork eta nola arduratu behar duen horretaz.
Baina, onbidea irakats al daiteke onbidea zer den jakin gabe? Jakina ezetz. Eta, hala ere, pertsona bat onbideez jantzia izan daiteke onbidea zer den jakin gabe. Horrelako zehaztasuna kontuan harturik, Platonek iritzi zuzena (benetako sinestea) eta benetako ezagutza bereizi zituen. Iritzi zuzena errealitaterekin bat dator, baina ez dago arrazoietan oinarriturik (hau da, ez da jakintza sendoa, “epistemé”) eta onbideez jantzia den pertsonari dagokio; eta benetako ezagutza errealitatearekin bat dator eta, aldi berean arrazoietan oinarriturik dago (hau da, jakintza sendoa, “epistemé” da), eta onbidea zer den dakien pertsonari dagokio.
Hortaz, Platonen proiektu filosofikoaren abiapuntua onbidea zer den jakitea da (onbidea zer den jakiteak onbidea irakasteko gaitzen gaitu); eta, orokorrean, gauzak zer diren jakitea. Zer da ezagutzea? Nork ezagutzen du? Nola ezagutzen du ezagutzen duenak? Horiek dira Platonen ezagutzaren gaineko teoriaren oinarria.
Galdera horiei erantzutea lortzen badu, Platonek bere helmugara iristea lortuko du: Bizitza ona, bizitza ona lortzeko behar den hiritarren heziera, eta bi horiek, bizitza ona eta hiritarren heziera, ahalbidetzen dituen antolaketa politikoa. Horrela, ez bestela, filosofia praktikoak oinarri sendo bat edukiko du.
Bere filosofiari batasuna emango diona Platonek arimaren gainean duen kontzepzioa izango da.
Platon: Errepublika, VI, 491e/492d
‑Ez ote dugu, bada, esan nuen, ene Adeimantos, berdin esango, arimarik hoberenak, heziketa txarra badaukate, askoz txarrago egiten direla? Ala uste ote duzu hobenik handienak eta gaiztakeriarik gaiztoena, gaztetatik hezkuntzarekin hondaturiko izaera batetik barik, arima eskas batetik sortzen direnik, eta izaera makal bat, on handi zein txarkeria handien eragingarri inoiz izango denik?
‑Ez, esan zuen, horrelaxe baino.
‑Uste dut, jartzen genuen filosofo‑izaera batek hezkuntza egoki bat topa badeza, derrigorrez, bertute guztien garapena lor dezakeela, baina izaera hori behar ez den leku batean erein, eme eta haz baledi, guztiz alderantzizkora helduko da gainera, jainkoren baten laguntza suertatzen ez bazaio behintzat. Ala zuk ere, gehienek bezala, uste ote duzu badirela sofistek hondaturiko gazte batzuk, eta kontutan izateko lain hondatzen dituzten bakarkako sofista batzuk, uste izan beharrean honako gauzak esaten dituztenak, eurak, direla sofistarik handienak, gazteak zein zarrak, gizonezkoak zein andrazkoak nahi dituzten lakoak izan daitezen osotoro hezten eta egiten dakitelako?
‑Noiz, bada? esan zuen.
‑Batzarretan, esan nuen, auzitegietan, teatro‑antzokietan zein gudaltegietan edo beste elkarren arteko batzarren batean, aldra handietan jarririk, zarata handien bitartez esan eta egiten ohi diren gauzak, batzuk gaitzesten eta beste batzuk goratzen dituztenean gertatzen da, batean eta bestean gehiegikeriaz, zarataka eta txaloka; euren zaratez gain, daudeneko harri eta tokiak berak ere, orro eginik, gaitzespeneko zein gorespenezko astrapala bikoizten dute. Horrelako gune batean, bada, gazte batek, esan ohi den bezala, nolako bihotza edukiko duela uste duzu? Edota nolako hezkuntzak gogor egin dezake bakarka, honelako gaitzespen edo gorespenak hondaturik, urlasterrak bere bidean eramanez, gal ez dadin, eta txar edo on esaten dituzten gauzei berdin esan ez diezaien, eta eurak egiten dituztenak egin ez ditzan, eta euren antzeko izan ez dadin?