Platon Atenasen jaio zen, nobleziaren familia aberats batean. Platon jaio zen momentuan (K.a. 427), Atenas hiri-estatu (polis)[1] bat zen, eta bertan gobernu demokratiko batek agintea zuen. Demokrazia ezarri eta handik urte batzuetara, Atenas itzal handikoen hiria izatera iritsi zen, Periklesen agintzapean (K.a. 428. urtean hil zen Perikles, Platon jaio baino urte bat lehenago). Atenaseko demokraziak beheko klase herritarren eragin politikoa handiagotu zuen, nobleziaren familia aberatsena txikiagotzen. Familia noble horiek gorroto zioten demokrazia horrek ekarri zuen egoera berriari: klase herritarretatik zetozen gizakien eragina nola joan zen handiagotzen Batzarrean, eta Espartaren kontrako gerra inperialistak (Peloponesoko Gerra) finantzatzeko bultzatu zen presio fiskalaren medio bere botere ekonomikoa nola joan zen txikiagotzen (Gogoratu beharko genuke beti Platon horrelako familia batekoa zela). Egoera horren ondorioz, zatiketak eta liskarrak sortu ziren Atenaseko bi klaseen artean, bien arteko diferentziak handiagotzen. Platonek Atenaseko demokraziak aldarrikatzen zituen balore moralak gaitzetsi zituen: justizia eta gizarte-harmonia baino balio handiagokotzat botere militarra, ohorea eta ospea hartu zituen demokraziak. Aldi berean, Platonek demokraziak sortarazi zuen barne zatiketa gorroto zuen.
Giro hartan, boterea, ohorea eta ospea lortzeko borroka nagusitu zen, eta horrek sofistek aldarrikatu zuten ideia bat bultzatu zuen: legeak konbentzio baten ondorioak dira eta, hortaz, batzarrean, behar den moduan, norbait besteak konbentzitzeko abila baldin bada, legeak aldatzea lor dezake. Horrekin batera, edo horren azpian, beste ideia bat zegoen: Egia ez da absolutua, erlatiboa baizik, eta, hortaz, norbaitek ongi argudiatzen baldin badaki, besteei inposatzen ahal die bere egia. Egoera politiko horrek Platon bultzatu zuen erlatibismoaren kontra borrokatzera eta balio unibertsala duten definizioak bilatzera, hau da, filosofian aritzera, beti ere, 18 urteetatik bere maisua izana zen Sokratesen eraginpean.
K.a. 404. urtean, Espartak Atenas garaitu zuen. Espartarrek hiriko harresiak suntsitu zituzten. Horren ondorioz, Atenasek inperioa galdu zuen eta horren lekuan Esparta nagusitu zen, lehen Atenasen menpe zeuden hirien gainean bere hegemonia ezartzen. Aldi berean, demokrazia ezarri zenean alde egin zuten oligarkak Atenasera itzuli ziren. Jeneral espartarra zen Lisandroren eskutik Hogeitamarren Gobernua inposatu zuten espartarrek. Hogeitamar horiek atzerrira joanak eta orduan Atenasera itzuli ziren oligarka horien artean hautatu zituzten. Horien artean Kritias eta Karmides, amaren partetik Platonen osabak zirenak.
Gertakari politikoek, demokrazia inperialistak[2] eta terrorea inposatu zuen hogeitamarren gobernuak ilusioa galarazi zioten Platoni, eta bere status sozialarekin bat zetorren bizitza politikoan partea hartzeari uko egin zion, gobernatzeko modu hoberena zein den ikertzeari ekiteko.
Urte eta erdi batez gobernatu zuten Hogeitamarrek, eta gero (K.a. 403. urtean) demokrazia berrezarri zen Atenasen, lehenagoko politika inperialista bertan behera uzten. Baina, handik lau urteetara, Platonengan izugarrizko eragina eduki behar zuen beste gertakari bat gertatu zen: Sokrates, bere maisu maitea, heriotza-zigorrera kondenatu zuten, erlijioaren kontrako delitua eta gazteak usteldu egitearen aitzakiaz. Platonen ustez gertakari hura inoiz inongo gobernu batek egina ez zuen zuzengabekeria bat zen. Horren ondorioz, Platonek bere maisua eta laguna zenaren irakaspenak garatzeari bere bizitza ematea erabaki zuen.
Handik aurrera, Platon lehenbiziko elkarrizketa sokratikoak idazten hasi zen: Ion, Sokratesen Apologia, Kriton, Lakes, Lisis, Eutrifon, Hipias txikia, Hipias handia, Alzibiades, Karmides. Elkarrizketa horietan, zenbait gairen gaineko definizio benetakoak aurkitzeko asmoz, bere maisuarekin izan zituen eztabaidak bildu zituen Platonek: zer den ederra den hori, zer den betebeharra, zer den gizakiari dagokion izatea, zer den adorea, zer den adiskidetasuna, zer den errukia, zer den ezagutza, zer den justizia,…
40 urte zituelarik, Siziliako Sirakusara joan zen lehendabiziko aldiz, ziur aski, han zeuden korronte filosofikoak ezagutzeko asmoz, batez ere, pitagorismoa. Sirakusan, Dion gaztearen,bertako tiranoa zen Dionisioren koinatuaren, adiskide egin zen; eta Dion, berriz, Platonen ikasle bihurtu zen. Garai hartakoak dira elkarrizketa hauek: Menon, Gorgias, Kratilo, Eutidemo, Menexeno, Protagoras.
Sirakusatik itzuli zenean (K.a. 387. urtean), Atenasen eskola bat fundatu zuen Platonek, geroagoko filosofian eragin handia izan behar zuena, Akademia izenekoa. Garai hartakoak dira elkarrizketa hauek: Fedon, Fedro, Otoruntza, Errepublika. Akademiarena garai inportanteena da Platonen pentsamenduaren eboluzioan. Lehenbiziko elkarrizketetan agertu ziren galdera sokratikoak sakonkiago aztertu zituen garai horretan Platonek. Azterketa horren ondorioz, bere dotrina edo teoria garrantzitsuak garatu zituen: teoria etikoa, teoria politikoa, hezieraren gaineko teoria, Ideien teoria. Lan horietan, bestalde, nabarmena da pitagorismoaren eragina.
Dionisio Sirakusako tiranoa hil zenean, Platon, 60 urte zituelarik, hara itzuli zen. Dion bere lagunak deitua zion Platoni, Dionisioren semearekin Errepublika izeneko elkarrizketan agertzen den filosofo agintariaren teoria praktikan jar zezan. Interesaz hartu zuen Platonek proiektu hura, bere teoria erreal bihurtua ikusteko esperantzaz, baina porrot egin zuen eta horrek erabat ilusio galarazi zion Platoni, eta behin betiko baztertu zuen jarduera politikan aritzeko asmoa. Platon Atenasera itzuli zen, eta, momentu hartan, bere ikasle hoberena izan behar zuen Aristoteles Akademian sartu zen.
Momentu hartan kokatu dezakegu Platonen eboluzio filosofikoaren hirugarren periodoa, eta horretan elkarrizketa hauek: Filebo, Parmenides, Teeteto, Sofista, Politikaria, Kritias, Timeo, Legeak. Elkarrizketa horietan Platonek proposatu zuen metodo filosofikoaren azalpena aurkitzen dugu, “dialektikarena”, hain zuzen. Aldi berean, elkarrizketa horietan Sokratesen presentzia eta parte hartzea gero eta txikiagoak dira.
80 urte zituela, Platon hil zen.
[1] Hiri-estatua: “Polis”; elkarte politikoa, dimentsio geografikoen aldetik txikia, burujabetza duena, autonomoa, autosufizientea. Bertan gizabanakoek, gizakiak eta hiritarrak diren aldetik, beren garapena lortzen dute.
[2] Atenaseko demokraziak politika inperialista horren adibide adierazgarri bat Mitilene hiriarekin gertatu zena dugu: Mitilene Deloseko Ligako sozio libre bat zen, eta momentu batean (K.a. 428. urtean) Atenasen kontra matxinatu zen. Matxinada hori zigortzeko Atenaseko batzarrak bertako gizonezko guztiak exekutatzea eta ume nahiz emakumezko guztiak esklabu bihurtzea erabaki zuen. Atenastarrak berehala damutu ziren horrelako erabakiaz, eta zigor horren ordez, Mitilenen matxinatu ziren mila gizonezko heriotza-zigorrera kondenatu zituzten.