KANT: TESTUINGTURU FILOSOFIKOA

Kanten filosofia Ilustrazioaren barruan kokatu behar dugu. Iraultza liberal eta burgesen garaian sortu zen mugimendu kultural horrek garai horretako adierazpen kultural guztietan eragina izan zuen.

Kantek berak Ilustrazioaren espiritua berea egin zuen, eta horrela eman zuen aditzera berak idatzitako artikulu motz eta interesgarri batean: Zer da ilustrazioa? Artikulu horretan Kantek honela dio: “Ilustrazioak gizakiari askapena ekarri dio; Ilustrazioak gizakia bere ezintasun erredunetik askatu baitu. Ezintasun horrekin ulertu behar dugu gizakiak ezin duela bere adimenaz baliatu beste baten gidaritzapean ez bada. Eta ezintasun hori erruduna da, bere kausa adimenaren eza ez delako, bere kausa beste baten gidaritzapean adimenaz baliatzeko kemenik ez izatea baita. Sapere aude! Izan zaitez ausarta zeure arrazoimenaz baliatzeko: horra hor Ilustrazioaren leloa.”

Espiritu horretan, Kantek bere filosofia proposatu zuen: Naturari buruzko ezagutza ziurra iristea ahalbidetuko diguten printzipio epistemologikoek, alde batetik, eta gizakiaren ekintza morala eta gizarteko antolkaeta politikoa gidatu behar dituzten printzipio etiko unibertsalek, beste aldetik, arrazoimenean dituzte sorburu.

Kanten filosofiak kaso zituen eragin nagusiak hauek izan ziren:

  • Arrazionalismoa. Bere pentsamenduaren hasierako garaian, Kant filosofo arrazionalista izan zen. Leibnizek eta Wolffek bultzatu zuten arrazionalismoa ikasi zuen. Horiek biak garai hartan zirkulu akademikoetan eragin handiena izan zuten egile arrazionalistak izan ziren. Lockek formulatu zuen printzipio enpiristaren gainean Leibnizek egin zuen zuzenketa bereganatu zuen Kantek. Printzipio enpiristak honela zioen: “Adimenean ez dago ezer sentimenen bidez jaso egin ez bada” Horren aurrean, Leibnizek hau gehitu zuen: “Adimena bera badago”. Adimena bera ez da sentimenen bidez jaso egina. Kanten ustez, ezagutzeko prozesuan adimenak berak burutzen duen jarduera kontuan hartu behar dugu. Bestalde, Kantek etika arrazionalistak proposatu zituen hainbat postulatu oinarrizkoak defenditu zituen. Eta arrazionalistek bezala, Kantek pentsatu zuen giza arrazoimenetik eratortzen den etika unibertsal bat formulatzea posiblea zela.
  • Enpirismoa. Humeren lanak irakurtzeak “amets dogmatikotik” esnatu zuen Kant, berak esan zuen moduan. Hau da, arrazionalismoak zuen ametsetik esnatu zuen: esperientziaz haraindiko errealitateak ezagutzea eta errealitate horien gainean zientzia bat oinarritzea, metafisika. Humek bezala, Kantek defenditu zuen ezagutza zientifikoak esperientziaren barne mugatu behar duela eta, beraz, metafisika ez da posible zientzia bezala. Baina, aldi berean, Kantek ez zuen onartu Humek kausalitatearen gainean egin zuen azterketa kritikoa, eta Humek ez bezala, naturari buruzko ezagutza beharrezkoa lor daitekeela defenditu zuen.
  • Newtonen fisika.  Newtonen lanak naturako gertaerak azaltzen dituen lege unibertsalak formulatzea posiblea dela erakutsi zuen. Kantek ezagutu eta mirestu egin zuen Newtonen fisika eta horregatik uste sendo bat edukitzera iritsi zen Kant: Mundu fisikoan beharrezkotasuna dago nagusi, eta gure arrazoimena gai da beharrezkotasun hori ezagutzeko. Fisika zientziaren eredua zen, Kanten ustez: Zientzia horretan batera doaz alde batetik jarduera arrazionala eta beste aldetik jarduera enpirikoa eta esperimentala, eta biak dira nahitaezkoak egia erdiesteko.
  • Ilustrazioa. Ilustrazioaren ideien islak ere aurki ditzakegu Kanten pentsamenduan, batez ere morala, politika, historia eta erlijioari dagokienez. Gizakiari buruz Rousseauk zeukan ikuskerak Kantek gizakiari buruzko ulerkera inspiratu zuen. Rousseauk bezala, Kantek ulertu zuen gizakia aldi berean gizartekoia eta berekoia dela, bere autonomia eta bere burua gobernatzea lortu behar duena. Progresismo ilustratuak (zientzia eta teknikak ekarritako aurrerapenetan oinarrituta) Kant  bultzatu zuen “historia hoberena den horretarantzako aurrerapena” dela eta aurrerapen hori ezinbestekoa dela pentsatzera. Halaber, erlijioari buruz arrazionalismoak eragin zituen planteamenduak, Voltairek eta beste batzuk defenditu zuten deismoa esate baterako, Kanten lanetan ere badituzte beren islak. Ildo horretan, Kantek ere defenditu zuen sineste erlijiosoa arrazionalki esplikatu behar zela, erlijioaren dogmak postulatu arrazional batzuen moduan azalduz.
  • Pietismoa. Kant pietismoaren arabera hezi egin zuten. Garai hartan zabaldu zen talde protestante horrek aldarrikatu zuen jarrera erlijiosoa baloratu behar zela berak bultzatzen dituen ekintza onak kontuan harturik, eta ez azaleko jaierari begira; erritoak, liturgia eta gizakia eta Jainkoaren arteko bitartekoak (apezak eta artzaiak) arbuiatuz. Pietismoak aldarrikatu zuen gizakiak Jainkoarekin eduki behar duen erlazioa zuzena, pertsonal eta subjektiboa izan behar dela. Ideia horiek guztiek etika kantiarrean dute beren adierazpen arrazionalizatua, baita Kantek erlijio natarularen alde egin zuen defentsan ere.