NIETZSCHE: TESTUINGURU FILOSOFIKOA

Savater-ek proposatu zuen moduan, Nietzscheren filosofian eragin zuten bi aurrekari mota bereiz ditzakegu: Batzuk “zeharkakoak” eta beste batzuk “zuzenekoak”. Lehenbizikoak Nietzschek kultura grekoa eta kristauaren aurrean izan zuen bizipenean aurki ditzakegu, bigarrenekoak Nietzschek Ilustrazioaren filosofiari egin zion kritikan.

Filosofo alemandarraren ustez, pentsamendu sokratiko-platonikoa sortu baino lehenagoko kultura pagano grekoak bizitzaz gozatzea aintzat hartu zuen eta politeista zen (politeismoa: jainko asko daudela sinestea). Kontzientzia sokratikoa eta idealismo platonikoa sortzearekin batera, Nietzscheren ustez, balioak aldatu ziren (balioen transmutazioa) eta horrek mendebaldeko kultura erabat eraldatu zuen: Sokratesek eta Platonek bizitzari lotuta dauden balioen gaineko ikuskera negatiboa bultzatu zuten, eta ikuskera hori, kristautasunak bizkorturik, XVIII. mendeko Ilustrazioaren garaira arte nagusitu zen.


Nietzscherenganako eraginak

 

 

 

Zeharkako aurrekariak 

 

Sokrates baino lehenagoko kultura pagano grekoa
Pentsamendu sokratikoa (K.a. V. m.)
Idealismo platonikoa (K.a. IV m.)
Kristautasuna (K.o. I. mendetik aurrera)

 

 

 

Zuzeneko aurrekariak   

 

Ilustrazioa (XVIII. m.)                                                      
Kant
Hegel
 

Goethe
Heine
Wagner (XIX. m.)
Schopenhauer

Ilustrazioa, Nietzscheren ustez, gizakia eraldatzeko ahalegin indartsu bat  izan zen, subjektuaren autonomiaren alde egin zuen ahaleginarengatik, baina, azken batean, ez zuen idarrean zegoen moraletik gizakia askatzea lortu.

Porrot egin zuen ahalegin horren adierazlea bat, Nietzscheren ustez, Kant da. Kantek uste zuen Ilustrazioak ekarri zuela gizakiaren adin nagusitasuna, ordura arte gizakia agintari erlijioso zein politikoek ezarritako dogmen tutoretzapean bizi izan baitzen. Sapere audere! leloarekin (ausar zaitez jakitera!), Ilustrazioak gizakiak bere kabuz pentsatzea nahi zuen, jakinduriaren “administratzaile teokratiko” guztietatik gizakia askatuz. Kantek, dudarik gabe, berea egin zuen asmo hori betetzeko, arrazoimen hutsak duen muga definituz, arrazoimenak esperientziatik haratago jo ezin duela eta sentimenek ematen dizkion datuetan oinarritu beharra duela erakutsiz. Gure esperientziaz haraindikoa (noumenoari dagokiona) ezin da zientzairen aztergai izan, ezin da ezagutzaren edukia izan. Beraz, Jainkoa edo arimaren ideiak giza ezagumenaren ahalbidetik kanpo daude, eta metafisikariek eta teologoek dituzten helburu eta asmoak funtsik gabekoak dira. Baina Kantek, Nietzscheren ustez, ez zuen aurrerago jo. Kantek inola ere ez zituen sineste erlijioso eta uste moralen oinarriak suntsitu nahi. Jainkoaren existentzia frogatzea ezin da, baina Jainkoa existitzen ez dela frogatzea ere ez, Kanten ustez. Gainera, Kantek esan zuen moduan, arrazoi praktikoak ditugu Jainkoa existitzen dela sinesteko. Eta bestalde, Kanten ustez, posiblea da, ezinbestez bete behar diren hainbat agindu moral (inperatibo kategorikoa, esate baterako) postulatzen dituen moral unibertsal eta autonomo bat aurkitzea, eta horrek dakar berekin noreberaren desioetan oinarritutako moral bitalista bat proposatzeko aukera desagertzea. Azken batean, Nietzscheren ustez, Kant ez zen autonomia baloratiboa lortu zuen egilea. Kantek egin zuena subjektuaren barnean autoritate morala errotzea izan zen, eta horrekin batera autoritate hori are eta zapaltzaileago bilakatu zen.

Geroagoko idealismo hegeliarrari buruz, Nietzschek pentsatuko zuen autonomia eta esklusibotasuna lortzeko arrazoiak burutu zuen prozesu horretako beste aurreragoko pauso bat zela. Hegelen esanetan, erreala den oro arrazionala da eta arrazionala den oro erreala da. Beraz, den oro, espazioan eta denboran gertatzen den arrazoiaren agerpena eta adierazpena da. Horrela, arrazoia aurrera doa, legeetan islatzen da, artelanetan adierazten da, konstituzio politikoetan ere bai. Hegel errealitateari buruzko azalpen arrazional oso bat iristeko ahalegin handiena egin zuen egilea izango zen, mendebaldeko pentsamenduaren zatiketa kontzeptualak ezabatuz. Gainera, baiezpena (tesia), ukapena (antitesia) eta adiskidetzearen (sintesiaren) dialektikaz baliatu zen heinean, berak errealitateari buruz eskaini zuen ikuskera dinamikoa izan zen, gertaera guztiak elkarren artean erlazionatzea lortuz. Nietzsecherentzat, azalpen hori ez da nahikoa, berez anitza eta aldakorra den errealitatea hiru kontzeptutan bildu nahi baitu. Kontzeptu bat, berez, bakarra eta aldaezina da, beraz, ezinezkoa da  anitza eta aldakorra berez den zerbait, bakarra eta aldaezina den zerbaiten bidez azaltzea. Bestaldetik, Nietzschek ulertu zuen Hegelek jainko lurtar bat sortu zuela: Estatua. Hegelen ikuspegitik, Estatua historia eta dialektikaren helmuga zen, balorazio moralen iturri berria eta, giza askatasuna menperatzen duen jaun berria. Eta horrela, Nietzscheren ustez, Hegelek egin zuena Jainko kristauaren ezaugarriak Estatuari esleitzea izan zen.

Kant eta Hegelen kontra, Nietzschek Goethe aldarrikatu zuen. Bere iritziz, Goethe postilustrazioaren benetako pagano bakarra da. Olerkari alemandar horrengandik Nietzschek zera ondorioztatu zuen: Mundua ulertzea hobeki lortzen da adierazapen metaforikoaren bidez, metafisikak eskaintzen duen kontzeptualizazioaren bidez baino.

Nietzscherengan eragin izan zuen beste egile bat Heine izan zen. Nietzschek txalotu egin zuen Ilustrazioaren azken aldiari buruz Heinek egin zuen begirada ironikoa eta suntsitzailea. Heineren ustez, Kant ez zen kontsekuentea izan: Arrazoimen hutsaren kritika izeneko liburuan Jainkoa deuseztatu zuen Kantek, baina gero Arrazoimen praktikoaren kritika izeneko liburuan berpiztu egin zuen. Ilustrazioaren erdigunekoa Jainkoaren heriotza da, eta filosofo alemandarrak ez dira ziurtatzera ausartu.

Nietzscherenganako eragin zuzenenak A. Schopenhauer filosofoarena eta R. Wagner musikariarena dira. Ikus ditzagun laburkiro.

Wagner musikari handia denbora batez Nietzscheren laguna izan zen. Wagnerrek Nietzscheri gizaki paganoaren ideala erakutsi zion: “Norberaren nahimenak gizakia mendera dezala; norberaren atsegina izan dadila bere lege bakarra; zeren gizaki librea bakarrik baita sakratua, eta ez haren gainetik dagoen zerbait…”  Wagner, kristautasunera bihurtu zen arte, artista aske, argi eta gogorraren eredua izan zen Nietzscherentzat, bere izaera libreari emandako gizateria berri baten prototipoa.

Schopenhauer filosofoarengan, Nietzschek pentsalari pribatu baten irudia aurkitu zuen, Alemaniako Unibertsitateetako katedrak betetzen zituzten Filosofia irakasleekin oso kritikoa zena. Schopenhauerrek irakasle horiek bizitzaren gaitzerako kontsolamendu estatalen saltzaileak besterik ez zirela uste zuen, eta beraien akatsa “bere pentsamenduarekin inoiz ez dutela inor atsekabetu” zela. Schopenhauer irrazionalismaoren aita izan zen. Korronte filosofiko horrek mundua existitu nahia besterik ez dela aldarrikatu zuen, hau da, inolako xederik gabeko ugaltzeko eta izaten irauteko irrika itsua. Giza arrazoimenak ere bilatzen du biziraupenaren asmo itsu hori lortzea. Beraz, funts irrazional bat dago giza arrazoimenean.

Nietzschek hainbat ideia hartu zituen Schopenhauerrengandik: adimena instintuek maneiatutako tresna bat besterik ez dela egiaztatzea, borondatea giza gertakarien azalpen bakarra izatea, eta historian eta aurrerapenean zuen mesfidantza.