ARISTOTELES, FILOSOFOA

1.  JAKINMINAK MARKATUTAKO BIZITZA

 Aristoteles Kalzidikako kostaldean zegoen kolonia joniarra zen Estagiran jaio zen K.a. 384. urtean. Bere aita Nikomako Mazedoniako Amintas erregearen medikua zen. Egia esan, kontuan hartzekoa da Aristotelesen familiakoak aspaldidanik medikuntzan arituak zirela, eta ikerkuntza enpirikoan aritzeagatik nabarmendu zirela. Bai, kontuan hartu beharrekoa da hori, ziur aski Aristotelesek jasotako hezierak jarrera ikertzaile eta enpirista horren eragina izan baitzuen, eta horrek bere islada izan behar zuen Aristotelesen izaeran eta pentsamenduan.

16 urte zituela Aristoteles Atenasera joan zen Platonen Akademian sartzeko. Ez litzateke zentzugabekeria bat izango Akademian sartu baino lehen Aristotelesek Platonen elkarrizketa bat edo beste irakurriak zituela pentsatzea, garai hartan Platon ospe handikoa baitzen grekoen artean. Imajina dezakegu, asetu ezina zitzaion jakinminak eramanik, Aristotelesek zuzen-zuzenean Platonen irakaspenak entzun nahian Atenasera jo zuela. Akademian, lehenbizi ikasle bezala eta gero irakasle, hogei urte eman zituen Aristotelesek.

K.a. 347. urtean Platon hil zen, eta Aristoteles Akademiatik eta Atenasetik aldendu zen. Aldentze horren arrazoia egoera politikoan aurki dezakegu, Atenasen mazedoniarren kontrako sentimendua gero eta gehiago nagusitzen ari baitzen, eta ez dugu ahaztu behar denek ezagutzen zutela Aristotelesek Mazedoniarekin zuen erlazioa. Egia esan, handik urte gutxira, (343. urtean), Mazedoniako erregea zen Filipo II.ak Aristoteles deitu zuen, eta bere semearen hezieraz arduratzeko eskatu zion, Filipo hil zenean errege bihurtu zen Alexandro Magno, hain zuzen.

K.a. 335. urtean Atenasera itzuli zen Aristoteles. Ordukoan, Akademiara itzuli beharrean, Aristotelesek bere eskola sortu zuen, Lizeo izenekoa. Platonen kasuan gertatu zen bezala, Aristoteles hil ondoren eskola horrek jarraitu zuen. Lizeon 12 urtez irakatsi, ikertu eta materiala bildu zuen Aristotelesek.

Alexandro Magno hil zenean, Aristotelesek Atenasetik alde egin zuen berriz ere, eta aldi horretan behin betiko. Aurrekoan gertatu zen bezala, Atenasen Mazedoniaren kontrako sentimendua bizkortu zen, eta batzuek erlijioaren kontrako delitu bat leporatu zioten Aristotelesi. Orduan, Sokratesekin gertatu zena oroituz, Aristotelesek esan zuen filosofiaren kontrako bigarren krimen bat saihesteko joan behar zuela Atenasetik. Eubea irlako Kalzis izeneko herrira erretiratu zen, bertan bere familiak zenbait ondasun baitzituen. Handik urte batera, gaixotu eta hil zen, 322. urtean.

Aristoteles ikertzaile eta pentsalari nekaezina zen; zuen jakinmina ez zen inoiz asetu. Bere idazlanetan ezagutzaren arlo guztiak aurki daitezke: astronomia, biologia, fisika, psikologia, logika, filosofia, etika, politika, ekonomia, historia, teoria literarioa…

Honelako biografiatik bi ezaugarri nabarmendu beharko genituzke, pentsalaria zen aldetik, Aristotelesen izaeran eragin izan dituenak: alde batetik, naturaren eta bere ingurukoaren gainean berak egin zuen azterketa enpirikoa, txikitatik jasotako hezieraren ondorioa zena, bestaldetik, Platonengandik jasotako heziketa filosofikoa, geroago, erabateko moduan alde batera utzi gabe, kritikatu behar zuena. Hasiera bateko begirada batez, batek pentsa dezake ezinezkoa zela bi heziketa mota horien artean oreka bat lortzea, guztiz elkarren kontrakoak baitziren, baina, hala eta guztiz ere Aristotelesek oreka hori lortu zuen, batzuen ustez bikaineko moduan gainera.

 


Aristoteles: Metafisika, I, 9 (990b-991b)

Ideiak kausak bezala ezartzen dituztenek, lehenengoz alde honetako gauzen kausak ulertzen saiatzean, beste honenbeste errealitate desberdin tartekatu zuten, norbaitek hauek zenbatu nahian errealitate gutxi izateagatik ezinezkoa zela pentsatuko baitzukeen, eta errealitate gehiago erantsi ondoren zenbatzea baitzukeen. Izan ere Formak eta gauza hauek -zeintzuen kausak bilatzen baitituzte eta zeintzuetatik errealitate haietara iritsi baitziren- ia beste horrenbeste dira, edo ez gutxiago, gauza bakoitzarentzat izenkide den zerbait baitago [eta substantziez aparte], eta gainerako gauzentzat  “bat askoren gainean”, bai hemengo gauzentzat, bai betierekoentzat (…)

Eta, egia esan, gainerako gauzak formetatik sortzen direla ez dago «sortu» bere ohiko zentzuetan inola ere esaterik. Baina Formak ereduak direla eta gainerako gauzek haietan parte hartzen dutela esatea, huskeriak esatea eta metafora poetikoak egitea da. Alabaina, zer egile da begirada Ideietan jarriz iharduten duena? Izan ere, baliteke «zerbait» beste edozeren antzekoa izatea edo izatera iristea, haren arabera moldeatua izan gabe, eta horrela, bada, Sokrates izan ala izan ez, norbait Sokrates bezalakoa izatera irits liteke; argi dago berdin litzatekeela Sokrates Betierekoa balitz. Eta gauza beraren eredu bat baino gehiago izango da, eta beraz, Formak ere bai; adibidez, gizakiarentzat, Animalia eta Hankabikoa izango dira Formak, eta hauekin batera Gizakia Bera ere bai.(…)

Gainera ezinezkoa dirudi substantzia eta gauza hori, zeinaren substantzia baita, bananduta emateak. Beraz, nola egon litezke bananduta Ideiak, gauzen substantzia izanik?


2. JAKINMINA

Gure sentimenen jardueretatik gozamena lortzen dugu? Ikustean, ukitzean, usaintzean, dastatzean,… gozamena lortzen dugu? Ez al dago guregan inguratzen gaituen munduari buruz zerbait jakiteko gogorik? Ez al da egia gure burua ezagutzeaz gain zerbait gehiago ere ezagutzeko gogoa dugula? Ziur aski inork ez luke galdera horien aurrean baiezko erantzuna ukatuko. Aristotelesek, behintzat, ez.

Naturak ez du ezer helbururik gabe egiten, naturako gauza guztiek eta gertaera guztiek helburu bat dute, Aristotelesen ustez. Naturak gizakiari, animaliei bezala, sentimenak eman dizkio, bere inguruan dagoen guztia hautemateko. Baina gizakia ez da hor gelditzen, horrez gain, gizakiak, izatez, ezagutu nahi du. Naturak ez zuen guregan horrelako nahia sartu nahi izan, nahi hori asetzeko aukerarik ez balego; eta guk, gure aldetik, ez genuke atsegingarri izango horrelako jarduera, nahi hori asetzeko aukerarik ez bagenu.

Ikasteko gogoaz eta ahalmenaz jantzita jaiotzen gara, eta sentimenak erabiltzen ditugu, hasiera batean, gogo hori asetzeko. Inguratzen gaituen munduak laguntzen digu jarduera hori aurrera eramaten: guk hautemateko ahalmena jartzen dugu, munduak, bere aldetik, gertaeretan dagoen erregulartasuna jartzen du. Segidan, gure eta munduaren arteko erlazio horretan esperientzia jokoan sartzen da: hautemate partikularren errepikapenak eta erregulartasunak kontzeptuen eratzeari aukera ematen diote. Esperientzia da hautematen dugun horri kontzeptuen bidez (“zuhaitz”, “etxe”, “gizaki”) ordena ematea ahalbidetzen digun ezagutzeko modua. Horixe da izatez dugun kuriositatea asetzeko abiapuntua. Ez gara gure inguruan gertatzen den hori ordenatzen eta behatzen konformatzen, hortik urrutiagora joan nahi dugu: horien kausak ere jakin nahi ditugu, gauzen zergatiak jakin nahi ditugu; jakitea ezagutzea izateaz gain ulertzea ere da.

Hasiera batean, jakitea lortu nahi dugu helburu bat lortzeko: gure beharrizanak asetzea. Horrelako jakintza horri tékhne deitu zion Aristotelesek, hau da, teknika edota artea. Baina horrez gain, jakitea lortu nahi dugu jakiteak berak  ematen digun gozamenarengatik. Jakintza horren helburua ez dago berarengandik kanpo, bere baitan dago. Jakintza horren helburua jakitea besterik ez da. Azken jakintza horri epistéme, zientzia deitu zion Aristotelesek.


 Aristoteles: Metafisika, I, 1 (980a-982a)

Gizaki guztiek berez dute jakiteko guraria. Horren adierazle da sentimenei egiten diegun estimua, berez baititugu estimatzen, beren baliagarritasuna alde batera utzita, eta beste edozein baino gehiago,  ikusmena. Eta ez bakarrik ekintzari begira, zeren, ezer egin behar ez badugu ere, nahiago izaten baitugu ikusmena, esan genezake, gainerako sentimenak baino. Eta hau da arrazoia: sentimenetan berak laguntzen digula gehien gauzak ezagutzen eta horien alderdi ezberdin asko erakusten dizkigula.

Animaliak sentsaziorako berezko gaitasunarekin jaiotzen dira; baina horretatik ez da batzuengan oroimena sortzen; beste batzuengan, ordea, bai. Horregatik izaten dira azken hauek oroimenik ez dutenak baino zuhurragoak eta ikasteko gaitasun handiagokoak. (…) Gainerako animaliak irudiei eta oroitzapenei esker bizi dira, esperientzian ezer gutxi parte hartuz. Baina gizakiak arteari eta arrazonamenduei esker ere bizi dira. Izan ere, esperientzia oroimenetik sortzen da gizakientzat, gauza beraren oroitzapen anitzek esperientzia bat 981a) bera osatzen eta nabarmentzen baitute. Eta esperientziak zientziaren eta artearen oso antzekoa dirudi, baina zientzia eta artea esperientziaren bidez iristen dira gizakiengana. Izan ere, Polok dioen bezala -eta ongi esanda-, esperientziak sortu zuen artea, eta esperientzia-ezak asturua.

Esperientziazko pertzepzio anitzen ondorioz antzeko gauzen gaineko nozio orokor bat ateratzen denean sortzen da artea. Izan ere, Kaliasi eta Sokratesi, eta beste gizabanako askori halaber, gaixotasun jakin batek jota egonik, erremedio jakin batek on egin ziela jakitea esperientzia- kontua da. Baina arte-kontua da klase berberean sailkatutako eta gaixotasun jakin batek jotako guztiei -hala nola, flematikoei, behazuntsuei nahiz sukartiei- on egin ziela jakitea.

(…) jakitea eta ulertzea esperientziari baino gehiago arteari dagozkiola uste dugu, eta jakintsuagotzat hartzen ditugu arte-gizonak esperientzia-gizonak baino, jakinduria kasu guztietan jakiteari dagokiola pentsatuz. Eta hori, lehenengoek kausa dakitelako eta besteek ez. Esperientzia-gizonek gertakaria ezagutzen dute, baina ez zergatia; besteek, berriz, zergatia eta kausa ezagutzen dituzte.

(…) Beraz, litekeena da sentimenezko ezagutza arruntaz kanpo lehenengoz arteren bat aurkitu zuena gizakiak mirestua izana, ez bakarrik aurkikuntza horietakoren bat baliagarria izateagatik, gainerako gizakiengandik nabarmendu zen jakintsua izateagatik baizik; eta litekeena da orobat behin arte ugari aurkituta -batzuk betebeharrak asetzeko, beste batzuk bizitzaren atsegina lortzeko-, azkeneko arte hauen aurkitzaileak beste haienak baino jakintsuagotzat hartu izanak, hauen zientzien helburua ez zelako baliagarritasuna.

(…) Hori dela eta, lehen esan bezala, esperientzia-gizona edozein sentsazio dutenak baino jakintsuagotzat hartzen da; orobat arte- gizona esperientzia-gizonaren aldean, obra-maisua langile hutsaren aldean eta zientzia teoretikoak zientzia ekoizleen aldean. Argi dago, bada, jakinduria printzipio eta kausa batzuei buruzko zientzia dela.


3. JAKINTZA GORENA

 Giza ekintzek helburu desberdinak dituztenez gero, jakintza mota desberdinak daude. Jakintza horiek guztiek esperientzian dute sorburu. Esperientziaren bitartez lortzen den ezagutza jakintza horiek garatzeko beharrezkoa den oinarria da. Zein dira jakintza horiek eta bakoitzak dituen ezaugarriak?

Jakintza horiek sailkatzeko Aristotelesek kontuan hartu zuen jakintza bakoitzaren objektuak beharrezkoa izatea duen ala ez.

Phrónesis, zuhurtzia, jakinduria praktikoa, eta tékhne, teknika, artea, bestelakoa izan daitekeen horretaz aritzen dira. Horren izatea giza ekintzaren edo ekoizpenaren ondorioa da. Jakintza praktikoak dira. Lehendabizikoak, Phrónesis horrek, norberari zerbait ona ala txarra zaion ikertzen du. Bigarrenak, Tékhne horrek, gauzak nola egin behar diren ikertzen du.

Episteme, zientzia; nous, adimenaz ulertzea, eta sophia, jakinduria bestelakorik ezin den horretaz aritzen dira. Horien ezagugaia ezin da bestelakoa izan, eta horren izatea ez dago giza ekintzaren menpe, hau da, ez da giza ekintzaren ondorioa. Gizakiak egin dezakeen gauza bakarra objektu hori ulertzea da. Jakintza teorikoak dira hauek. Zientziaren zeregina bere ezagugai guztien kausak eta horien erlazioak zein dira frogatzea da. Baina, frogaketa guztiak printzipio batzuetatik abiatu behar dira. Printzipio horiek frogaketa guztien oinarria izanik ere, ez dira frogagarriak; beraz, zientziak ezin ditu printzipio horiek ezagutu eta ulertu, eta bestelako jakintza baten ezagugaiak dira, nous horrenak, hain zuzen, hau da, adimenaz ulertzen saiatzen den jakintza horren ezagugaiak dira. Printzipio horiek ezagut daitezkeen arrazoietan oinarriturik dagoen intuizio baten bidez. Bi jakintza horiek, gauzen kausak eta gauzen erlazioak frogatzeko gaitasuna (episteme) eta izatearen arrazoia azaltzen dituen printzipioei antzemateko gaitasuna (nous), bi jakintza horiek jakintza gorenari lekua ematen diote: sophia, jakinduria, hau da, zientzia gehi adimenaz ulertzea.

 

Zer da mundua? Zergatik dira gauzak diren bezalakoak? Nor gara gu? Zein da gure zeregina munduan? Zer da mundua ezagutzea? Horrelako galdera horiei erantzuten saiatzea; mundua eta munduan dagoen gizakia ezagutzeko eta esplikatzeko ahalegina, hortik erator daitekeen inongo helbururik gogoan eduki gabe, eta helburu bat izatekotan helburu  hori izan dadila jakiteak eman dezakeen gozamena, horixe da filosofia. Hasiera batean bere inguruko guztia sentimenen bitartez ezagutzean gizakiak lortzen duen gozamena, gauzen printzipioak eta kausak ezagutzearen bitartez lortzen den gozamen bihurtu da. Jakinduriarekiko maitasuna da. Gizakiak berez duen ezagutzeko gogoak jakindurian aurkitzen du bere asetze gorena. Jarduera horrek gizakiak duen alde jainkozkoena nabarmentzen du, animalietatik bereizten duen hori, gure izatea, hau da arrazoidunak izatea, hobekien definitzen duena: Izatea bera ikustea eta ulertzea, hau da, kontenplatzea, eta, aldi berean, bere printzipioak eta bere kausak.

Horrelako jakintzari Aristotelesek lehen filosofia deitu zion, Izatea, Izatea den heinean, ikertzen duen jakintza, hau da, izateak dituen ezaugarri orokorrenak eta horien printzipioak eta kausak ulertzen saiatzen den jakintza. Geroago, jakintza horri deitu zitzaion Metafisika, edo Ontologia.


Aristoteles: Metafisika, I, 2 (982a-b)

Zientzia honen bila gabiltzanez gero, ikertzekoa litzateke jakinduria zein printzipioren eta zein kausaren zientzia den. Jakintsuari buruz ditugun ideiak kontutan hartzen badira, baliteke hauen bidez argiago geratzea.

Hasiera batean, jakintsua, ahal den neurrian, orojakile dela pentsatzen dugu, ezagutza haien zientzia banan-banan ez badu ere.  Ondoren hartzen dugu jakintsutzat zailak diren gauzak -gizakientzat ezagutzen errazak ez direnak- ezagut ditzakeen hori, sentimenez hautematea denon ahalmena baita eta, beraz, erraza, baina ez da jakinduria. Gainera jakintsuagoa da edozein zientziatan kausak zorrotzago dakizkiena eta irakasgarriago erakusten dituena. Eta zientzietan, hurbilago da jakinduria izatetik berarengatik eta jakinminarengatik aukeratua dena emaitzengatik aukeratzen dena baino,

(…)Hauen artean, dena jakitea ezinbestez dagokio zientzia unibertsala goren mailan duenari, honek ezagutzen baititu, nolabait, haren azpian dauden gauza guztiak.

Eta, hain zuzen ere, unibertsalena da gizakientzat ezagutzen zailena, sentimenetatik urrunena baita. Bestalde, zientzietan zehatzenak, printzipio lehenei dagozkienak dira batez ere,(…) Gainera irakasgarriagoa da kausen zientzia, irakasten dutenak kasu bakoitzeko kausak erakusten  dituztenak baitira; eta beren baitarako jakitea eta ezagutzea ezagungarrien denaren zientziari dagokio bereziki, jakitea jakite hutsagatik aukeratzen duenak nahiago izango baitu zientzia gorena, hauxe baita zientziarik ezagungarriena; eta ezagungarriena printzipio lehenak eta kausak dira, hauen bidez eta hauetatik ezagutzen baitira gainerakoak, ez haiek haien menpe daudenen bidez. Eta zientzietan nagusiena -eta menpekoa baino nagusiagoa- eginbehar bakoitzaren helburu den hori zein den ezagutzen duena da, hots, gauza bakoitzaren ongia eta, orokorrean, natura osoaren on gorena. Beraz, esandako guztiagatik, azterturiko izena «jakinduria» zientzia berari dagokio, honek printzipio lehenei eta kausei buruz ikertu egin behar baitu; eta ongia eta helburu den hori kausen arteko bat da.